Fiskaltzak agindu zuen Gonzalezen atxiloketa sekretupean atxikitzea

Espainiako Gobernuak erantzun die EH Bilduren galderei kazetariaren atxiloketaz. Pablo Gonzalezek hilabete darama preso Polonian

Gonzalezen aldeko elkarretaratzea, Nabarnizen (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Pablo Gonzalez kazetariaren auzia daraman fiskalak agindu zuen haren atxiloketa sekretupean atxikitzeko lehenengo fasean, Poloniako legeriak horretarako ematen duen aukera baliatuta. Hori ondorioztatzen da Espainiako Gobernuak EH Bilduri emandako erantzunetik. EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk galdera batzuk egin zizkion Espainiako Gobernuari Gonzalezen atxiloketaz eta horren inguruan Poloniako agintariekin izan dituen harremanez. Espainiako Gobernuak idatziz erantzun die galdera horiei, eta erantzun horretan agertzen da fiskalaren eskaeraren inguruko informazio hori.

Otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez, Polonian. Hasieran, auziaz ez zen inolako informaziorik egon, eta haren senitarteko eta lagunak larriturik ibili ziren, kazetariari zer gertatu zitzaion eta nola zegoen jakin ezinik.

Geroago, Poloniako Gobernuak jakinarazi zuen Errusiaren aldeko espioitza lana egitea leporatzen ziola Gonzalezi, horren inguruko frogarik oraindik aurkeztu ez badu ere, eta espetxera bidaliko zuela gutxienez maiatzaren 28ra arte.

Espainiako Gobernuak EH Bilduri jakinarazi dionez, ofizialki martxoaren 3an izan zuen Gonzalezen atxiloketaren berri, orduantxe igorri baitzion Fiskaltzak akusazioen inguruko idazkia. Espainiak Polonian duen kontsula martxoaren 7an elkartu zen Gonzalezekin lehenengo aldiz. Kontsula da Gonzalez ikusi duen bakarra, haren senitartekoek eta abokatuak oraindik ez baitute baimenik lortu hura ikusteko edo harekin telefonoz mintzatzeko.

Espainiako Gobernuaren informazioaren arabera, Jose Manuel Albares Espainiako Atzerriko ministroa martxoaren 4an eta 17an elkartu zen Poloniako Atzerri ministro Zbigniew Raurekin, eta bilera horietan auziaz hitz egin zuten.

Orain arte izan dituzten kontaktuetan, Espainiak azaldu dio Poloniari garrantzitsua dela bermatzea Gonzalezek kontsularen bisita jaso ahal izango zuela, eta «haren abokatuak lagundua izateko eskubidea» errespetatu egin behar zela, betiere EH Bilduri emandako erantzunaren arabera.

EHUren kezka

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak kezka azaldu du Gonzalezen egoera dela eta. Kazetaria izateaz gain, EHUko ikasle ere bada Gonzalez, doktoretza han egiten ari baita.

EHUk aintzat hartu ditu auzi honen inguruan gertatu diren irregulartasunak: adibidez, Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyek oraindik ez duela harekin hitz egiterik izan, Poloniako ofiziozko abokatu bat jarri diotela, eta orain arte Espainiak Polonian duen kontsularen bisita baino ez duela izan. «Poloniako Gobernuaren gutun ofizial bat da familiak eta abokatuak hartu duten informazio bakarra, eta ez dute izan Pablo Gonzalezekin harremanetan jartzeko aukerarik», azaldu du EHUk.

Hori dela eta, EHU harremanetan jarri da atxilotuaren familiarekin, eta erabaki du bere «kezka» agertzea Gonzalezen inguruan dagoen informaziorik ezagatik, eta eskatzea gertakariak berehala argitzeko eta «prozesurako bermerik handienak ezartzeko, bai atxiloketa aldian, bai prozedura osoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.