ANALISIA

Iglesias eta Monzon

Jokin Sagarzazu -

2014ko azaroak 23
Podemos alderdi berria inkesta guztietan erakusten ari den indarrak itxaropena eta kezka eragin du ezkerreko independentismoan. Itxaropena, orain arte behintzat, erabakitzeko eskubidearen alde azaldu delako. Prest azaldu delako, alderdi horretako idazkari nagusi Pablo Iglesiasen hitzak erabilita, «gai horretan ere trantsizioan ezarriko giltzarrapoa kentzeko». Eta kezka, alderdi batek, «Espainia ulertzeko modu berri batek» independentisten estrategian izan dezakeen eraginagatik. Azken aldian zabaldu diren mezuetan nahasten dira bi sentsazio horiek; eta galderak.

Nafarroan, adibidez. Podemoseko buruzagiek hango egoerari buruz eginiko hitz apurrek ez dute argitu maiatzeko foru hauteskundeetan aurkeztuko diren edo ez, eta, hori eginda, «erregimena» aldatzeko prozesuan parte hartuko duten. Agindu hori jaso dutela diote inkestek. Aldaketa nahia haiekin (ere) identifikatu dutela herritarrek. «Antzinako eskema zaharkituak haustera gatoz», azaldu du Juan Carlos Monedero Podemoseko zuzendaritzako kideak, aukera horri buruz galdetu diotenean.

Independentistentzat ez bezala, baina, alderdi horrentzat Nafarroa —lurraldetasun auzi gisa ulertuta— ez da kezka; ez helburu — «txikikeria nazionalistak dira horiek»—. Izan ere, udazkenean egingo omen diren Espainiako Gorteetarakoetan dute burua, eta ez foru hauteskundeetan —ezta Kataluniakoetan ere—. Handik abiatzeko euren iraultza propioa: prozesu konstituziogilea. «Hor eztabaidatu eta erabaki ahal izango dugu denari buruz, baita gai horiei buruz».

Podemosen sorrerak (ere) ekarri du, atzera, duela 40 urteko eztabaida. Baina zaila dirudi —epe motzera begira, behintzat— prozesu konstituziogile bat abiatzea, Podemosek emaitza onak lortuta ere, Espainian ez baitago indar nahikorik, ez politikoki, ez soziologikoki, horretarako; eta are gutxiago erabakitzeko eskubidea aitortzeko.

Bitartean, independentismoak ere hasi du bere bidea egiten. Funtsean, Madrilek giltzarrapoa kenduko ez duen premisarekin, haren zain geratu gabe, Kataluniako prozesutik «ikasi» duen moduan, «haustura» Euskal Herrian, Euskal Herritik gauzatu behar dela iritzita. Eta Podemosek bezala, hark ere erakutsi du antzinako molde edo ardatzekin hausteko nahia, identitate sentimenduetatik haratago, diskurtso berria sortzeko, independentzia beharra kokatzeko eztabaida politiko eta sozialean. Herritarren aldaketarako nahia independentismoarekin identifikatzeko.

Bai Podemosekoak bai independentistak, beraz, aurrera begira jarrita daude, aldebakarreko estrategiak sortzen, zehazten, egokitzen. Baina bien helburuak bateragarriak diren, zertan eta noraino argitu gabe oraindik. Badituzte bat egiteko uneak, eta ezberdintzen dituzten elementuak. Horietako bat da, ezbairik gabe, estatugintzarena.

Orain arteko inkesta guztiek agerian uzten dute euskal herritarren gehiengoa erdibidean kokatzen dela: «autonomia maila handiagoa» nahi dutenen kategoriaren barruan. Zehazki zer nahi duten jakin ez, baina aldaketa nahi dutenen taldean. Espazio horretan dute independentistek hazteko aukera.

Baina baita Podemosen proposamenarekin topo egitekoa ere. Oraindik zehaztu ez badute ere, alderdi horretako buruzagiek esan dute balizko prozesu konstituziogile batean mahai gainean jarriko dutela atxikimendu askeko federalismoa (herrien erabakitzeko eskubidea aitortuko lukeena). Eta hori berria da Espainiako alderdi batean.

Berez, independentismoarentzat ona litzateke beste alderdi edo mugimendu batek ere babestea erabakitzeko eskubidea, baina kezka iturri ere bihur daiteke; horrek eragina izan baitezake aurrera begira independentista bilaka zitezkeen pertsonen hautuan. Pertsona batzuen begietara, erakargarri edo ilusionagarri bihurtuz Podemosek proposatzen duen Estatu eredua. Hori gauzagarria balitz, independentismoak gaur egun baino babes eta indar handiagoa izango luke?

Galdera horren erantzunera iristeko, iritsiko bada, bide luzea geratzen da oraindik, eta gauza asko argitu beharko dira eta dituzte batzuek eta besteek. Elkar lotzen dituztenenetik hasita.

Duela 40 urteko prozesu konstituziogilean, Telesforo Monzonek proposatu zuen abertzaleek batera egitea Maltzagarainoko bidea. «Eta gerokoak geroko uztea». Aldaketa nahia norekin identifikatu zegoen lehian, kasu horretan, abertzaleen artean. Bidea hasi ere ez zuten egin. Ordukoak balio al du egungo egoerarako? Eta bidelagun berberekin?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna