Tapiak uste du AHTa «plangintzarik gabe» eraiki dela Europan

Atlantikoko ardatzaren aldeko «apustu falta» kritikatu du sailburuak. AHTa 2023rako amaitzea espero du, %10 inguruko gainkostuekin
Arantxa Tapia AHTaren inguruko azalpenak ematen, atzo.
Arantxa Tapia AHTaren inguruko azalpenak ematen, atzo. EUSKO JAURLARITZA

Iosu Alberdi -

2018ko ekainak 28
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak atzo adierazi zuen Europako Batasuneko Kontu Auzitegiak AHTaz argitaratutako txostenak argi erakusten duela estatuen «planifikazio falta», eta horiek ez dutela behar besteko apustua egin «lehentasunezko ardatzak» amaitzeko. Abiadura handiko trenen lehentasunezko ardatzen artean kokatu du Atlantikokoa. Euskal Y-a horren parte da, Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotuko dituena.

Bruselak argitaratutako txostenaren arabera, Europako AHTaren lineak «mantsoak, garestiak eta eraginkortasunik gabekoak» dira. Zehazki, euskal Y-ari buruz dio uste baino bidaiari gutxiago izango dituela, eta, beraz, ez dela bideragarria izango. Tapiak, ordea, ukatu egin du hori. Sailburuak nabarmendu du euskal sarea «ardatzaren parte» izango dela, eta bidaiariak ez ezik salgaiak ere garraiatuko dituela.

Atlantikoko ardatzak 2010. urterako bukatua behar zuen, baina oraindik lan asko dago egiteko, AHTa 2023. urterako amaitzea aurreikusten baitu sailburuak. Horren erantzukizuna Espainiako eta Frantziako gobernuei egotzi die: Paris kritikatu du gogorren, Atlantikoko ardatza lehenesten ez duelakoan, Bordele eta Hendaia oraindik lotu gabe baitaude. Tapiak azpimarratu du euskal Y-a amaitzeko «zorroztasunez» lanean ari direla, bai Jaurlaritza, bai Madril, orain arte «atzerapenak» etengabeak izan diren arren. Hala ere, uste du kontzertu ekonomikoak eta kupoak prozesua azkartu dutela. Hori bai, %10 inguruko gainkostuak espero dituzte.

Sailburuak Espainiako Sustapen ministro Jose Luis Abalosekin biltzeko asmoa du, azpiegituren inguruan hitz egiteko. Horrez gain, EBko Kontu Auzitegiaren txostena aztertzeko eskatu dio Madrili. Gaia hizpide izan zuten Iñigo Urkullu lehendakariak eta Espainiako presidente Pedro Sanchezek ere, asteleheneko bileran.

Jaurlaritza, «gezurretan»

ELA sindikatuaren ustez, ordea, Jaurlaritza «gezurretan» ari da: «Inongo abiadura handiko trenak ez du salgairik garraiatzen, teknikoki ezinezkoa delako». Horrez gain, proiektua eraginkorra izatea ukatu du, ez dietelako lehentasuna ematen estatu arteko mugei.

EH Bilduk, berriz, AHTaren lanak berehala geratzeko eskatu du, eta adierazi txostenak argi uzten dituela obren kostu handia, errendimendu txikia eta lineak «irizpide politikoen» arabera onartuak izan direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna