Niko Iurramendi.
Arrauna. ARRANPLATIK

Zutik dabilena

2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Asteartera arte gazte, eta asteazkenerako indarrak hartu!». Halakoxeak izan dira entrenatzaileak niri esandako azken hitzak. Igandea, gaueko hamar eta erdiak pasata dira jada, eta motorra hartu, eta etxera joan naiz, ohera. Arraun jardunaldia, larunbata zein igandea, Coruñan egin dugu, Galizian, eta niretzat, hau ere, lehen aldia izan da. Zer esango dut, ostiralean goizeko zortzietan autobusa hartzeak alferkeria galanta ematen zidan, baina oso ondo pasatu ohi dugu lagunartean. Taldeetako bidaia luzeak nahikoa dibertigarriak izaten dira, isilik eta lasai egon nahi duenak jai izaten du bidaiak aurrera egin ahala, eta azken orduetarako, jende gehiago egon ohi da zutik eta mugimenduan eserita baino.

Eginiko bi estropadek zapore gazi-gozoa utzi digute: larunbateko estropadarekin, gustura, nola ez, laugarren postua eskuratu baitugu, eta igandean lorturiko hamargarrenarekin... ez horren gustura esango dut. Zortekoa izan naiz orain artean arraun munduan, ia beti egin baitut arraun estropadetan, ia. Hortaz, asteburu honetan, gustuko ez dudan lekutik ikusi dut estropada bat, eta esku artean arrauna dudanean baino urduriago egon naiz, lehorretik traineruak borrokan ari diren bitartean ezer egiterik ez baitago. Estropada telebistatik ikusi eta korrika batean oinetako eta ur botila eraman ohi dizkiegu lehorrean geratzen garenok. Ondoren, autobusean sartu, eta martxa.

650 kilometro egin ondoren autobusean eramandako karpa, aulki eta denak jaso ditugu, gogo gutxiz. Banoa motorra hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.