Madurok espero du Montevideoko bilkurak «arrakasta» izatea

Hamabi herrialde joatekoak dira Uruguaik eta Europako Batasunak Venezuelako egoerari buruz antolatu duten konferentziara, bihar

Chavisten ekitaldi bat, herenegun, Caracasen. LEONARDO MUÑOZ / EFE.
Erredakzioa
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Uruguaik eta EB Europako Batasunak antolatuta, Venezuelako gatazkari buruzko konferentzia bat egingo dute bihar Montevideon. Hamabi herrialdetako ordezkariak elkartuko dira, «irtenbide politiko eta negoziatu bat» proposatzeko. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak konferentzia babestu du, eta esan du espero duela «arrakasta» izatea. «Munduko gobernu gehienek elkarrizketaren eta diplomaziaren alde izan duten jarrera eskertu nahi dut», esan zion atzo Russia Today kateari.

Konferentziara joango diren herrialdeak Europakoak eta Latinoamerikakoak dira. Europakoei dagokienez, herenegun Juan Guaido oposizioko kidea Venezuelako presidentetzat aitortu zuten herrialdeetako batzuk dira —Alemania, Erresuma Batua, Espainia, Frantzia, Herbehereak, Portugal eta Suedia—. Latinoamerikakoen artean, Mexiko joango da —bultzatzaile nagusietako bat izan da—, baita Maduroren aliatu Bolivia ere. Guaido presidentetzat aitortzen dutenen artean Ekuador eta Costa Rica dira joatekoak.

Horiez gain, Errusiak, Txinak, Turkiak, Norvegiak eta Suitzak Uruguairi eta EBri eskatu diete konferentziara gonbidatzeko. Maduroren aurka dauden Amerikako herrialdeek osatzen duten Limako Taldea herenegun elkartu zen Kanadan, eta azken adierazpenean esan zuen «baztertu» egiten duela atzerriko esku hartze militar baten aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.