Wuhan hirira ez sartzeko eta handik ez irteteko aholkatu du Txinak

Osasun erakundeek koronabirusak eragindako 17 hildako baieztatu dituzte. OMEk gaur erabakiko du nazioarteko larrialdia ezarri ala ez

Gizon bat, maskara jantzita, Tokioko aireportuan. FRANCK ROBICHON / EFE.
Erredakzioa
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Hiritik ez ateratzeko eskatu diete agintariek Txinako Wuhan hiriko 11 milioi biztanleei, pneumonia hilgarria eragiten duen birusa are gehiago zabaltzea galarazten saiatzeko. Halaber, hara ez bidaiatzeko gomendatu diete hiritik kanpo daudenei. 2019-nCoV koronabirusaren agerraldiak kezkatuta, garraiobide guztiak gelditzeko agindu dute, eta hiritarrei eskatu diete ahal den neurrian saihesteko jende multzoak. Garraio publikoa, metroa, ferrya eta «distantzia luzeko» garraioa etetekoak ziren Euskal Herrian 03:00ak zirenean.

Birusak 17 pertsona hil ditu dagoeneko, eta 440 gaixorik daudela baieztatu dute osasun agintariek. OME Osasunaren Mundu Erakundeak gaur erabakiko du nazioarteko larrialdi egoera ezarriko duen ala ez. OMEk Larrialdi Batzordea bildu zuen, atzo, Genevan (Suitza), baina erabakia atzeratzea erabaki zuen, «informazio gehiago» behar duela iritzita.

Wuhan hirian atzeman zen lehen aldiz 2019-nCoV koronabirusa, Wuhango pneumonia deritzona, abendu erdialdean. Bederatzi milioi biztanleko hiria da, eta hango arrain eta itsaski merkatu batean kokatu dute gaixotasunaren iturria. Xehetasun argirik eman ez den arren, OMEk sare sozialen bidez adierazi du litekeena dela «koronabirus berriaren agerraldiaren lehen iturria animalia jatorrikoa» izatea. Erakundeak animaliekin kontakturik ez izateko edo horretarako beharrezko neurriak hartzeko gomendioa egin du, baita animalia jatorriko jakiak sukaldean prestatzerakoan sutan ongi erabiltzeko ere.

Birusa, ordea, ez da animalietatik gizakira soilik kutsatzen. Txinako Osasun Batzordeak adierazi du gizakien artean ere kutsa daitekeela. Halako bi kasu baieztatu dira Txinako Kanton probintzian. Maskarak erabiltzeko eta eskuak sarri garbitzeko gomendatu dute osasun erakundeek.

Koronabirusak sukarra eta nekea eragiten ditu, baita eztul lehorra eta arnasa hartzeko zailtasuna ere. Oraingoz, 440 lagun inguru daude kutsatuta, gehienak Wuhanen. Txinatik kanpo ere atzeman dituzte, baina, hainbat kasu. Japonian, Taiwanen, Thailandian, Hego Korean eta AEBetan kutsatutako gaixoak daude.

Urtarrilaren 25ean Txinako Urteberria ospatuko dute. Herrialde horretan bidaia gehien egiten den garaia da, milioika herritar etxera itzultzen baitira ospakizunetarako. Gauzak horrela, bidaiarientzako sukar kontrolak ezarriko ditu gobernuak tren eta autobus geltokietan, eta aireportuetan.

[Youtube]https://youtu.be/Z9oZFVCMBRc[/Youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.