Urkulluk dio Emakunde «indartu» egingo duela sail batera sartzeak

Iñigo Urkulluk baieztatu du, Lehendakaritzako parte ez bada ere, Emakunderekin lehengo harreman bera izango duela aurrerantzean

Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Oposiziotik zein mugimendu feministatik jasotako kritikei entzungor egin die Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Legebiltzarreko atzoko kontrol saioan, adierazi zuen Emakundek Lehendakaritzatik kanpo geratuta ere transbertsala izaten jarraituko duela; are gehiago, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitzeak zentralitatea eta gobernuan dituen pisua areagotuko dituela baieztatu zuen.

Lehendakariak mintzaldia baliatu zuen berdintasun politiken programa azaltzeko: haren helburua «gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatuz, zeharlerrotasuna indartzea» dela adierazi zuen. Horretarako, soldata arrakala eta diskriminazioa baztertzearen aldeko politikak ezarriko dituela azaldu zuen, kontziliazio politikak ezartzearekin batera.

Lehendakariak EH Bilduko Oihana Etxebarrietak egindako galderari erantzunez egin zituen adierazpenok. Etxebarrietak gogorarazi zion Emakunde eredu izan dela Lehendakaritzari atxikitako erakunde autonomo gisa, eta erabakia erakundearen sorrera legeari berari muzin eginez hartu duela. Izan ere, 1988ko lege horrek Lehendakaritzari atxikita egon behar duela adierazten du. Urkulluk erantzun zion erabakia hartzeko ez dutela lege hori kontuan izan, 1981ekoa baizik.

Atzera egiteko eskaera

Hain zuzen ere, kontrol saioko parte hartzeari jarraikiz, EH Bilduk Emakunde Lehendakaritzara bueltatu dadila eskatzeko mozioa aurkeztu zuen. Kontrol saioan, Etxebarrietak mahai gainean jarri zituen Lehendakaritzaren erabakiak sortutako kritikak. Hainbat sektoretatik heldu direla adierazi zuen, «[Emakunde] herriak bere egin duen instituzio bat» baita haren ustetan. Gogora ekarri zuen Emakundeko lehen zuzendariak eta idazkariak, Txaro Arteagak eta Itziar Fernandezek, Emakunde Lehendakaritzara bueltatu zedin argitaratutako artikulua. Euskal Herriko mugimendu feministako 70 talde ere erabakiaren aurka agertu direla gehitu zuen, baita Euskal Autonomia Erkidegoko 60 berdintasun teknikari ere. Emakunde bereziki haserre dagoela adierazi zuen, erabakiaren berri komunikabideen bitartez jaso zutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.