Gerra Ukrainan

Errusiak Mariupolgo altzairutegiari eraso dio, eta ebakuazioa eten dute

Moskuk argudiatu du Ukrainako tropek su etena baliatu dutela posizio hobeak hartzeko. Putinek Macroni eskatu dio ez bidaltzeko armarik Kievi

Mariupoldik ebakuatutako familia bat, atzo, Zaporizhian. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Errusiako tropek setiatua duten Ukrainako Mariupolgo zibilak tantaka ebakuatzen ari diren honetan, korridore humanitarioak ez dira Azovstal altzairutegira heltzen ari; berrehun bat zibil bertan harrapatuta daude otsail amaieratik, Ukrainako agintarien arabera. Moskuk atzo baieztatu zuen armadak industrialdea beste behin bonbardatu zuela. Argudiatu zuenez, azpiegitura horretan gotortuta dauden Ukrainako 2.000 bat soldaduk zibilak ebakuatzeko iragarritako su etena «baliatu» zuten altzairutegian bertan borroka posizio militar hobeak hartzeko. Sviatoslav Palamar Ukrainako Azov unitate militarreko komandanteordeak, berriz, esan zuen Errusiako militar gehiago iristen ari direla hiriko portura.

Bien bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak atzo jakinarazi zuten igandean industrialdetik erreskatatutako 101 haur, emakume eta adineko Zaporizhiara iritsi zirela.

Gudu zelaitik kanpo, Errusiako presidente Vladimir Putinek Frantziako estatuburu Emmanuel Macron izan zuen atzo telefonoz bestaldean. Kremlinen oharraren arabera, Putinek ziurtatu zion Mosku prest dagoela Kievekin negoziatzen jarraitzeko. Hori bai, Ukrainara armak bidaltzeari uzteko eskatu zion Macroni. Horrez gain, salatu zuen Europako Batasunak ez diela jaramonik egiten Ukrainako militarrek egin dituzten «gerra krimenei», ezta Donbassko herrien aurkako «bonbardaketa masiboei ere». Macronek, berriz, Putini galdegin zion Ukrainaren aurkako erasoak etetea. Kezka ere azaldu zuen, gerrak munduko elikadura segurtasuna kolokan jarri duela eta.

Maiatzaren 9a, gorriz

AEBen arabera, «maiatzaren erdialderako» Donetsk eta Luhansk eskualdeak Errusiari anexionatzeko asmoa du Kremlinek, eta, horretarako, erreferendum bana egin nahi du; bi herri errepubliketako agintariek asmo bera azaldu dute behin baino gehiagotan. Maiatzaren 9a, Sobietar Batasunaren garaipenaren urteurrena, gain-gainean dago, eta, beraz, nazioarteak espero du Errusiako presidenteak adierazpenen bat egingo duela egun horretarako.

Odesa probintzia du jomugan Moskuk. Errusiako Defentsa Ministerioak atzo adierazi zuen Mendebaldeak hornitutako arma biltegiak jo zituztela Odesa hirian. Donetskeko gobernadoreak, berriz, salatu zuen Errusiak gutxienez hamar pertsona hil zituela Avdiivka hirian, erregai biltegi bat bonbardatuta. Iluntzean, bonbardaketa handien berri eman zuten mendebaldeko Lviv hiritik. Andriy Sadovyi alkateak jakinarazi zuen argindarrik gabe gelditu zirela hiriko hainbat gunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.