Itxarote zerrendak luzatzea biztanleria zahartzearekin lotu du Osakidetzak

2018an, 94.000 pertsona artatu ditu egunero osasun sistema publikoak. Zuzendari nagusiak lantaldearen profesionaltasuna azpimarratu du

Andoni Arzelai eta Juan Luis Diego, agerraldira heltzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Osakidetzako proba eta kontsulten itxarote zerrendak luzatu egin dira. Hala ere, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak uste du datua ulertzeko testuinguruan jarri behar dela. Izan ere, iaz %3,7 ugaritu ziren programatutako jarduera kirurgikoak. Horregatik, itxarote zerrenden datuak «lorpen garrantzitsua» direla nabarmendu du. Horren harira, zehaztu du programatutako interbentzioen erdiak 65 urtetik gorako pertsonei egin zaizkiela. Datu hori ia %13 hazi da bost urtean. Beraz, etorkizunean, biztanleriaren zahartzea dela eta, osasun arreta prestatzearen garrantzia nabarmendu du.

Osakidetzako jardueraren 2018ko datuen berri eman zuen Diegok atzo, Andoni Arzelai Osasun Laguntzako zuzendariarekin batera. Iaz, ospitaleko kontsulten itxaronaldia 33 egun izan zen; hau da, 2017an baino bost egun gehiago. Proba osagarriak egiteko, hamalau egun itxaron behar izan zen; duela bi urte hamahiru egun ziren, eta 2014an, bederatzi. Ebakuntza kirurgikoetarako itxaronaldia egonkortu egin da: 49 egun da. Espezialitateen arabera, traumatologia da itxarote zerrenda luzeena duena: 58,3 egun; 2017an baino egun bat eta erdi gutxiago.

Datu orokorrei dagokienez, Osakidetzako zuzendari nagusiak jakinarazi du 2018an Osakidetzak 94.000 pertsona artatu zituela egunero, batez beste: 60.000, lehen arretan, eta 34.000, ospitalean. Hau da, guztira, 16 milioi kontsulta baino gehiago. Bestalde, nabarmendu du Osakidetzako erabiltzaileek gero eta denbora gutxiago ematen dutela ospitaleratuta. Are, zehaztu du ospitalea utzi ondoren berriro itzultzen direnen kopurua urritu egin zela iaz.

LEPa, «datorren asterako»

Diegok ez zien erantzun 2018ko lan eskaintza publikoan salatutako irregulartasunei buruzko galderei. Osakidetzako zuzendari gisa lehen prentsaurrekoa zuela-eta, «datorren asterako» uztea eskatu zuen. «Ez diogu horri buruz hitz egiteari uko egiten, baina gaur ez da eguna». Diegok bi hilabete eta bi aste daramatza karguan, Maria Jesus Mujikak iazko azaroan dimisioa eman zuenetik.

Lan eskaintza publikoaz ez, baina kargura heltzean aurkitutakoaz mintzatu zen Osakidetzako zuzendari nagusia. «Maila profesional handiko taldea» aurkitu duela nabarmendu du. «Aurkeztu ditugun datuek adierazten dute arro egoteko moduko zerbitzua dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.