'Brexit'a-atzeratzeko legea oztopatzen saiatu dira Lorden Ganberan

Atzerapen eskaeraren luzapenaz bozkatu beharko dute parlamentuan. Bruselaren iritziz, «oso litekeena» da akordiorik gabe dibortziatzea

May sonanbuloa dela adierazteko Londresen ondutako margolana. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Itunik gabeko brexit-a saiheste aldera, Komunen Ganberak lege proiektu bat onartu zuen herenegun, azken orduan. Proiektu horren arabera, eta ikusita auzia blokeatuta dagoela, gobernuak eskatu beharko dio EB Europako Batasunari atzeratu dezala dibortzioaren data. Lorden Ganberan atzo ziren legea bozkatzekoak, baina brexit gogorraren aldekoak hori oztopatzen ahalegindu ziren—edizio hau ixteko orduan bozkatu gabe jarraitzen zuten—. Halere, aldekoek legeari egindako hamabi zuzenketa onartu zituzten, eta ondoriozta daiteke legea bera aurrera aterako dutela. Hori gertatuz gero, atzerapen eskaeraren luzapenaz bozkatu beharko dute, datorren astean, Komunen Ganberan. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroari dagokio irteerarako data berri bat ezartzea. Parlamentuak atzerapena onartuko balu ere, Bruselak edukiko luke azken hitza. Jyrki Katainen Europako Batzordeko presidenteordeak atzo nabarmendu zuenez, «oso litekeena» da akordiorik gabeko brexit-a gertatzea. Hilaren 12a da dibortziorako data.

Legea onartuta, Elisabet II.a erreginak zigilua jarri beharko dio, eta Mayk horren ondoren aurkeztu ahal izango du mozioa Komunen Ganberan. Hainbat alderditako parlamentariek herenegun lege proposamena plazaratu aurretik —Yvette Cooper laborista eta Oliver Letwin tory-a izan ziren bultzatzaileak—, lehen ministroak berak jakinarazi zuen, asteartean, beste atzerapen bat eskatzekotan dela. Bruselak oraingoz proposatzen du onartzea parlamentuak irteerarako akordioa —hirutan bozkatu dute kontra—, eta dibortzioa maiatzaren 22rako gauzatu ahal izatea.

Datozen egunetan, balitekebehin-behineko egutegi hori aldatzea. Kontuan hartu behar da, gainera, Europar Kontseiluak brexit-ari buruzko ezohiko eta premiazko bilkura bat egingo duela datorren asteazkenean, eman beharreko hurrengo pausoak zehazteko.

Bitartean, Alderdi Kontserbadoreko eta Alderdi Laboristako kideak berriro bildu ziren atzo. Laboristen esanetan, alderdi teknikoei buruzko «eztabaida zehatzak» eduki zituzten. Tory-en inguruko iturri batek adierazi zuenez, badakite Europar Kontseiluaren goi bileraren aurretik «aurrerapausoak» emateko «beharra» dutela.

Bestalde, brexit-aren ondoren britainiarrek ez dute bisarik beharko EBn sartzeko. Hori onartu zuen atzo Europako Parlamentuak. Hori gertatzeko, Londresek antzeko neurri bat onartu beharko du EBko herritarrentzako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.