Ane Pescador.
Arrauna. UR APARRETAN

Pausorik ez atzera

2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Haurra nintzenetik amestu nuen gizonezkoek bezalaxe emakumezkoek ere traineruan lehiatu ahal izatearekin, eta ametsa egia bihurtu zen. 2008an ekin genion emakumezkoen traineruen lehiari. Bi luzeetarako distantzia ezarri ziguten, eta proiektuari pozez eta ilusioz eutsi genion. Emakumezkoen Kontxako bandera sortu zen, jardunaldi bakarrera eta gogoz ekin genion. TKE ligarekin bat egingo zuen Euskotren liga sortu zen; lau ontzik bakarrik har zezaketen parte, eta hortzak erakutsi genituen bertan sartu ahal izateko. Sariak jasotzen hasi ginen; gizonezkoen sariekin parekidetasunik ez zuten arren, oso esker onez jaso genituen.

Eta hasi ginen hazten, talde gehiago osatzen, gehiago profesionalizatzen, lehia ikusgarria sortzen. Hasi ginen gizonezkoen neurrietara eginiko ontziak gure gorputzetara moldatzen. Komunikabideetan indarra hartu genuen. Hasi ziren herri osoak gu bultzatzen. Hasi ziren ligako irizpideak sendoagoak bihurtzen, sariak handitzen, estropada kopurua igotzen. Hasi zen Kontxako bandera bi jardunalditara jokatzen. Aurretik egiteko lan handia zegoen arren, berdintasunaren bidean hasi ginen denok hazten.

Eta iritsi da 2018ko uztaila, Gipuzkoako txapelketa; kategoria guztiak batuz, 23 ontzi. Aurreikuspena, estropadak luzeegi joko duela. Irtenbidea, emakumezkoen estropada erlojupekoa izatea (horrek dakarren guztiarekin).

Atzera pausorik ematen badugu, indarra hartzeko izan dadila. Uretatik zein lehorretik, emakumeok, berdintasunaren bidean dihardugu arraunean.

Eta ez dugu etsiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.