Palestinako preso batzuen informaziorik ez dagoela salatu dute GKEek

Itxialdi bakartuan daudenak «mundutik bananduta» bizi dira, Addameer elkartearen arabera: «Ezin izan gara presondegietan sartu»

ander perez zala
2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Palestinako preso batzuen egoerari buruzko informaziorik eza salatu dute hainbat GKE gobernuz kanpoko erakundek, hil honetan espetxeetan izandako zenbait gertakariren harira. PPS Preso Palestinarren Elkarteak eta Addameerrek asteotan ohartarazi dute ez dakitela kartzelatuak «zer baldintzatan» dauden, eta Israel «nahita» ari dela ezkutatzen horien egoera.

«Ez dakigu preso batzuk zer egoeratan dauden, ezta zer gertatu zaien ere. Ezin izan dugu presondegietan sartu gertatzen dena ikusi eta dokumentatzeko. Abokatuei ere sarrera debekatu diete», azaldu du Addameer GKEak. Horietako batzuk itxialdi bakartuan daude, eta «mundutik bananduta» bizi dira: «Ziega hutsetan daude. Soilik tapaki bat eta lastaira bat dute, eta beren arropa besterik ezin dute sartu hor. Ez irakurtzeko ezer, ezta telebista edo irratia ere. Gelek ez dute komunik».

Hilaren 14an handitu zen tentsioa, Israel iparraldeko Haifan dagoen Damon kartzelan. Gaueko sarekada batean, hiru presok eta horien ordezkari batek uko egin zioten kanpora ateratzeari, hotz egiten zuelako; jarrera hori ikusita, espetxeko langileek erabaki zuten kartzelatuen sekzioko elektrizitatea moztea, eta gerora jipoitu egin zituzten. Horietako bat bakartze ziega batean jarri zuten. Beste biek protesta egin zuten ziegetako ateak jota, eta, horren ondorioz, itxialdi bakartuan ezarri zituzten.

Beste presoak ere jipoitu zituzten, eta horietako batek konortea galdu zuen, PPSren arabera; beste batzuei, berriz, beloa kendu zieten indarrez.

Hori bai, erasoak ez ziren orduan bakarrik gertatu: Haifan gertaturikoaren berri izatean, Israel hegoaldeko Nafha kartzelako preso palestinar batek espetxeko langile bati labana sartu zion aurpegian. Hamasen arabera, «goraldiari emandako erantzun natural bat» izan zen.

Segurtasun indarren erantzuna berehalakoa izan zen, 80 preso beren geletatik atera baitzituzten, «hotzetan ordu luzez eskuburdinak ipinita mantendu, baita jipoitu ere», Addameerrek jakinarazi zuenez.

Elkarte «terroristak»

Presoen egoerak ez ezik, GKE askoren etorkizunak ere kezka eragin du, iragan urriaren amaieran Israelek «terrorista» gisa sailkatu baitzituen Palestinako sei elkarte; besteak beste, Addameer eta Defence for Children International.

Sei elkarteak Palestinako gizarte zibileko eragile ezagunak dira, beren esparruan aitortza handikoak. Al-Haq elkarteak, esaterako, aholkulari estatusa du Nazio Batuen Erakundeko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.