'Ipar Mazedonia' deituko da Mazedonia, Greziak izen aldaketa berretsi ondoren

Bi herrialdeek iaz lortutako akordioa onetsi du parlamentuak. NATOk espero du Ipar Mazedoniako Errepublika aliantzako kide bihurtzea

Tsipras, atzo, parlamentuak akordioa berretsi ondoren. ALEXANDROS BELTES / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Balkanetara «aurrerapena» ekarriko du izen aldaketak, eta penintsula «egonkortuko» du. Horixe adierazi zuen Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak, herenegun, parlamentuan egindako osoko bilkuran. Ganberan atzo bozkatu zuten Mazedoniako eta Greziako gobernuek joan den ekainaren 17an egindako akordioa, eta baiezkoa nagusitu zen gehiengo osoz: 153 alde, eta 146 kontra. Aurrerantzean, beraz, Mazedonia zena Ipar Mazedoniako Errepublika deituko da.

Mazedonia 1991n Jugoslaviatik banatu zenean hasitako auzia bukatu da, horrenbestez. Halere, azkeneko inkestek diote greziarren %62 ez daudela ados izen aldaketarekin. Hori dela eta, azken hilabeteetan bi herrialdeek adostutakoaren kontrako mobilizazio jendetsuak egin dituzte aldaketaren kontra daudenek. Mazedonian ere egin izan dituzte manifestazioak, eta joan den irailaren 30ean auziari buruz deitutako erreferendumean ikusi ahal izan zen herritar asko aurka daudela. Oposizioak boikotera deitu zuen, eta parte hartzea %37koa izan zen. Halere, aurrera egin zuen gobernuak, eta izen aldaketa berretsi zuen joan den urriaren 19an.

Arrazoi historikoak eta identitarioak direla eta —Grezian badago Mazedonia izeneko eskualde bat—, Greziak inoiz ez dio Mazedonia izena onartu, eta, horregatik, azken ia hiru hamarkadetan betoa jarri izan dio nazioarteko hainbat erakundetan; esaterako, NATOn. Izen aldaketa eginda, ordea, NATOko kide bihurtzeko moduan dago Ipar Mazedonia. Jens Stoltenberg aliantza militarreko idazkari nagusiak atzo nabarmendu zuenez, espero du Ipar Mazedoniako Errepublika kide bilakatzea.

Zoran Zaev Mazedoniako lehen ministroak atzo adierazi zuenez, Greziako Parlamentuan hartutako erabakia «garaipen historikoa» da. Tsiprasek, berriz, ez dagoela «ez irabazlerik, ez galtzailerik» azpimarratu nahi izan zuen, ganberatik atera zenean.

Akordioa dela eta, Greziako koalizio gobernua hautsi zen duela bi aste. Tsiprasek, halere, bilatu ditu aliatuak ituna aurrera ateratzeko —Syriza Tsiprasen alderdiak 145 diputatu ditu—, eta konfiantza mozio bat ere gainditu zuen lehengo astean. ND Demokrazia Berria kontserbadorea da oposizioko alderdi nagusia, eta Kyriakos Mitsotakis haren liderrarentzat «porrota» da ituna. Hauteskundeak udazkenean egingo dituzte, eta, inkesten arabera, NDk irabaziko ditu. Mitsotakisek esana dauka lehen ministro bihurtzen bada betoa jarriko diola Ipar Mazedoniaren EB Europako Batasunerako balizko sarbideari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.