«Erakunde kriminala» osatzea leporatu diete 27 goi kargudun katalani

Fiskaltzak delitu larriagoa egotzi die U-1arengatik Bartzelonan auzipetu dituztenei. Hedabide publikoen zuzendariak daude akusatuen artean

mikel rodriguez
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bartzelonako 13. epaitegiak auzibide bat hasi zuen duela hilabete bat baino gehiago Kataluniako 30 pertsonaren aurka —goi kargudun publikoak gehienak—, independentziari buruzko 2017ko erreferenduma antolatzen parte hartu zutela eta hori delitua dela iritzita. Bortz delitu egotzi zizkien —desobedientzia, prebarikazioa, funtsak bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta sekretuak jakinaraztea—, eta fiskaltzak atzo eskatu zion bertze bat gehitzeko: «talde kriminala» osatzea.

Delitu hori egotzi die 30 auzipetuetatik 27ri. Horien artean daude Vicent Sanchis TV3 Kataluniako telebista publikoko zuzendaria, Saul Gordillo Catalunya Radio irrati publikokoa, Alberto Royo Diplocat Generalitatearen zerbitzu diplomatikoaren burua zena eta Amadeu Altafaj Generalitateak Europako Batasunerako zuen arduraduna. Gainera, fiskaltzak epaileari eskatu dio auzipetzeko auzipetuta ez duen bertze pertsona bat; Angels Barbara Datuak Babesteko Aginte Katalanaren zuzendaria da hori, eta hari ere «talde kriminala» osatzea egotzi dio.

Delitu horregatik zigortuz gero, epaileak lau eta zortzi urte arteko espetxe zigorrak ezar diezazkioke bakoitzari —egotzitako delituetan larriena—. Kataluniako hainbat hedabidek atzo argitaratu zutenez, fiskaltzak egin duen idazkian dio auziaren instrukziotik ondorioztatu daitekeela «auzipetuen jarrera bateratua eta koordinatua» izan zela «independentzia delituzko bideetatik» lortzeko.

Diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik, berriz, hamazazpi pertsona daude inputatuta. Epaileak 5,8 milioi euroko bermea ezarri zien, eta, epea bukatuta, 3,7 milioi ordaindu dituzte, elkartasun kutxa batetik bilduta. Kataluniako hedabideek atzo argitaratutako idazki batean ageri denez, epaileak apirilaren 30ean agindu zuen akusatuen ondasunak ikertzen hasteko —bahimenduak egiteko lehenbiziko pausoa da—. Vilaweb atariaren arabera, epaileak elkartasun kutxako dirua ere ez du onartu, eta akusatu bakoitzari exijitu dio ordainketa egitea.

Adierazpen batzuetatik

Bartzelonako 13. epaitegiak erreferenduma egin aitzinetik hasi zuen auzipetzeak ekarri dituen ikerketa; hain zuzen, Santi Vidal ERCko senatari zenak konferentzia batean esan ondoren Kataluniako Gobernuak «legez kanpo» lortu zituela herritarren datu fiskalak erreferenduma antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.