Drunken Barrels, The Lio, Skaiketan eta Tirry&Tery ariko dira Arizkun Rocken

Jaialdiaren zortzigarren ekitaldia ekainaren 24an izango da. BERRIA da festibalaren babesleetako bat. Doakoak izango dira saio guztiak

JULEN BARRAGUES / GOIERRIKO HITZA.
mikel lizarralde
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
2015. urtean lehenengoz antolatu zutenetik, egonkortuz joan da Baztanen (Nafarroa) egiten den Arizkun Rock jaialdia. Euskal Herriko taldeei lekua egin nahi dien festibal bat izanik, hamaika banda igaro dira bertatik urte hauetan, eta aurtengo ekitaldia, zortzigarrena, ez da salbuespena izango. Ekainaren 24an izango da jaialdia, eta bertan parte hartuko duten taldeak, honako hauek: Drunken Barrels, The Lio, Skakeitan eta Tirri&Tery. Kontzertu guztiak doakoak izango dira. BERRIA da Arizkun Rock jaialdiaren babesleetako bat.

Drunken Barrels taldeak abiatuko du jaialdia, 17:00etan. Eskualdeko hainbat musikarik osatutako talde horrek irlandar jatorriko doinuak lantzen ditu.Segidan, The Lio Iruñeko punk-rock laukotea igoko da oholtzara, eta haien ondoren, Skakeitan Donostiako ska talde jendetsua.

Gauari amaiera emateko, Arizkun Rocken klasiko bihurtu den DJ bikotea ariko da: Tirri&Tery. Izan ere, jaialdi guztietan parte hartu du Baztango bikote horrek, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, hau izango da festibalean izango diren azken aldia. «Aurtengoa azken bira izango da. Eta zerbait oso berezia izango dela ziurtatzen dizuegu», azaldu dute antolatzaileek, ohar baten bitartez.

Jaialdian doako kanpalekua ere izango da.

Auzolanean antolatuta

2015ean lehenengo aldiz antolatu zutenetik, Arizkun Rockek nortasun zeinu jakin batzuk izan ditu. Izan ere, jaialdiaren webgunean azaltzen dutenez, parte hartzen duten taldeei herriaren, antolaketaren, ingurunearen egoera sozioekonomikoaren eta besteren berri ematen saiatzen dira antolatzaileak. «Honekin saiatzen gara taldeak kontziente izan daitezen hala beraientzat nola guretzat hau kontzertu bat baino gehiago dela».

2015etik hona, besteak beste, musikari hauek parte hartu dute jaialdian: Sofokaos, Juantxo Skalari & Rude Band, Ze Esatek, Ufestuek, Esne Beltza, Kaotiko, Nafarroa 1512, En Tol Sarmiento, Jon Maia, Olatz Inziarte eta Skabidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.