Bilboko Konpartsak, zerbitzu publikoen eta jai herrikoien alde

Aste Nahasia bertan behera utzi eta gero, Bilboko konpartsek Udalaren jarrera salatu dute, haien ustez «inposizioa» erakutsi baitu

Bilboko Konpartsek Arriaga plazan egindako agerraldia, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
«Osasun krisiarekin batera etorri den krisi ekonomikoa betikoek ordaindu ez dezaten», herri kultura, jai herrikoiak eta zerbitzu publikoak defendatzera deitu zuten atzo Bilboko Konpartsek.

Aste Nahasia bertan behera utzita, Haizea Arriola eta Iñigo Iglesias kideek Bilboko Konpartsek egindako balorazioa azaldu zuten Bilboko Arriaga plazan. Hartutako erabakiaren gako nagusia erantzukizuna izan dela azaldu zuen Arriolak: «Gure konpartsakide nagusiengandik ikasi genuen zer den arduratsu izatea. 1983ko uholdeetan, beste auzokideekin, instituzioekin... pala eskuan, Zazpikaleak eta Bilboko beste leku batzuk auzolanean garbitzen ibili zirenean». Jai herrikoiak defendatzeko antolakuntza eta egitasmoak inoiz baino beharrezkoagoak izango direla azaldu zuen Arriolak.

Aste Nahasia bertan behera uzteko erabakiak «pena handia» eragin die: «Ehunka konpartsakide joan den irailetik lanean ibili dira; gainera, bilbotarrek merezi zuten, ez bazen Aste Nagusia, gutxienez bestea gozatzea». Aste Nahasia 51 egitasmo ludikoren eta kulturalen egitarau xumea izan behar zen, «udalak aldebakarrez bertan behera utzitako Aste Nagusia ordezkatu behar zuena». Egun horietako egitasmoetan erabiliko zituzten hainbat material erakutsi zituzten Arriaga plazan; besteak beste, xake taula: «mundu guztiak dakienez, jende pilaketak eragiten dituen kirola da».

Bilboko Udalak elkarlana baino gehiago inposizioa erakutsi duela salatu zuten konpartsek, jai batzorde mistoari «funtzio denak, erabakitze gunea eta aurrekontua lapurtuz». Are gehiago, Bilboko Udalaren jarrera «bitxia» iruditu zaie: herritarrenganako «errespetuagatik» eragileei ezer ez antolatzeko eskatu ostean, Bilbo Uda kultur programak aurrera jarraitu duelako. Izan ere, Bilbo Udaren azken ekitaldia abuztuaren 21ean izango da, Aste Nagusia hasi beharko litzatekeen larunbata baino egun bat lehenago.

Etorkizunari begira, aurtengo San Tomas eta hurrengo urteko aratusteak ez direla erronka errazak izango aitortu zuen Arriolak. Jai herrikoi parte hartzaile, feminista, euskaldun eta ekologistak babesteko, auzoetako jai batzordeak eta Bilboko Konpartsak indartsuak izatea komeni dela adierazi zuen; herritarron parte hartzea aldarrikatuz: «Herritarrok badugu non aukeratu; eta, gustuko konpartsarik aurkitu ezean, beti dago konpartsa berria sortzeko aukera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.