Kendrick Lamar, Pet Shop Boys, Bad Bunny eta The Killers ariko dira BBK Liven

Caribou, Four Tet, Supergrass, The Rapture eta El Columpio Asesinok ere joko dute jaialdian, 2020ko uztailaren 9tik 11ra, Kobetamendin

Kendrick Lamar, joan den martxoko kontzertu batean, Txilen. ALBERTO VALDES / EFE.
mikel lizarralde
2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Bilboko BBK Live jaialdiak hurrengo ekitaldian izango dituen lehen artisten izenak eman zituen atzo, ohar baten bitartez. Tartean dira, besteak beste, Kendrick Lamar, The Killers, Pet Shop Boys eta Bad Bunny. Bilboko Kobetamendin ariko dira denak, 2020ko uztailaren 9tik 11ra bitarte.

Kendrick Lamar hip-hop eta soul eszenako musikaririk garrantzitsuenetako bat bihurtu da azken hamarkadan. 2011n argitaratu zuen lehenengo diskoa (Section.80) —aurretik hainbat disko labur zituen grabatuak—, baina 2015eko To Pimp A Butterfly laudatuarekin lortu zuen publikoaren eta kritikaren oniritzia. Hain zuzen, hamarkada honetako diskorik onenen artean aukeratu dute zenbait komunikabidek lan hori azken hilabeteetan.

The Killers 2017an izan zen BBK Live, eta, orduan bezala, kartelburu izango da hurrengo urtean ere. Brandon Flowersek gidatzen duen taldea pop, post-punk eta new wave doinuak uztartzeagatik nabarmendu da, eta datorren udaberrian argitaratuko du disko berria izango duena.

Pet Shop Boys, berriz, hiru hamarkadatik gorako ibilbideari errepasoa egitera etorriko da jaialdira, nahiz eta urtarrilean disko berria (Hotspot) kaleratuko duen. Lan horren aurrerapena (Burning The Heather) abenduaren 13an argitaratuko du Neil Tannentek eta Chris Lowek gidatutako taldeak.

Bad Bunny Puerto Ricoko kantaria, berriz, reggaetonak azken urteetan eman duen artistarik ezagunenetako bat bilakatu da.

Haiek ez ezik, beste hainbat taldek ere joko dute jaialdian. Horien artean, Caribou, Four Tet, Supergrass, The Rapture eta El Columpio Asesinoren izenak jakinarazi dituzte, beste batzuen artean, antolatzaileek. Caribou Daniel Victor Snaith kanadarraren proiektua da, eta 2000ko hamarkadatik dabil elektronika eta poparen artean mugitzen. Four Tetek ere elektronika du bere musikaren oinarrian, baina post-rockaren, poparen eta dantzarako musikaren aztarnak ere aurki daitezke haren kantuetan.

Oso bestelakoa da Supergrass talde ingelesaren proposamena. Brit-poparen garairik arrakastatsuenean grabatu zuen bere lanik ezagunena (I Should Coco, 1995), eta haren 25. urteurrenaren harira berriro elkartuko dira urte berrirako.

Bueltan izango den beste talde bat The Rapture izango da. Post-punkak 2000ko hamarkadaren hasieran izan zuen loraldiaren ikurretako bat izan zen taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.