Artium museoko langileek greba egingo dute irailean, murrizketak salatzeko

Lanuzteak irailaren 4an, 9an eta 11n egingo dituzte. ELAk aurreratu du hilaren 15erako konpondu ezean greba mugagabea hasiko dutela

Langileek elkarretaratzea egin zuten herenegun, museoaren aurrean. ELA.
aitor biain
Gasteiz
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Gasteizko Artium museoko langileek protestak gogortzea erabaki dute, eta grebara joko dute irailean. Bisitarien arretarako zerbitzua eskaintzen duten langileek asmoa iragarria zuten dagoeneko, baina ELAk BERRIAri jakinarazi dio atzo arratsaldean erregistratu zutela deialdia. Lanuzteak hiru egunetan egingo dituzte: irailaren 4an, 9an eta 11n. Eta sindikatuak aurreratu du hilaren 15erako lan gatazka konpondu ezean greba mugagabeari ekingo diotela. Halere, datozen egunetan mobilizazioekin jarraituko dutela ere iragarri dute.

Hamasei langilek osatzen dute museoko bisitarien arretarako zerbitzua. Azpikontratatutako enpresa bateko beharginak dira. Museoko zuzendaritzak kontratua berritu nahi du, baina langileek salatu dute adjudikazio berriaren aurrekontua %20 txikiagoa dela 2018koaren aldean. ELAren arabera, horrek hainbat lanpostu kentzea ekarriko du, baita lan baldintzak «nabarmen» okertzea ere.

Museoak, ordea, ukatu egin du asmo hori duela, eta esan du zerbitzu orduaren prezioa %5 handiagoa dela duela bi urteko adjudikazioarekin alderatuta. Zuzendaritzak ziurtatu du, halaber, sektoreko lan hitzarmen kolektiboa aintzat hartzen duela. Hain zuzen ere, alde guztiek bilera egin zuten iragan astean. Museoko arduradunen hitzetan, berriz elkartzeko eskaintza egin zien zuzendaritzak gainerako aldeei, baina adierazi du ez dutela erantzunik jaso.

Langileek herenegun egin zuten aurreneko elkarretaratzea, museoaren aurrean. Artium, zuk nahi duzuna, murrizketak eta kaleratzeak lelopean, dozenaka lagun bildu ziren egoera gaitzesteko. Atzo, berriz, ELAko ordezkariak Ana del Val Arabako Foru Aldundiko kultura diputatuarekin —Artium Fundazioko batzordeko presidentea ere bada— bildu ziren lan gatazkari konponbidea bilatzeko asmoz. Sindikatuko iturriek zehaztu zutenez, bilera ongi joan zen, baina irailean berriz elkartzekotan geratu ziren.

Bitartean, ordea, langileek iragarri dute mobilizazioekin jarraituko dutela, «iragarritako murrizketak egin ez daitezen eta lanpostu guztiak eta zerbitzuaren kalitatea bermatuko dituzten baldintzak berregin daitezen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.