Donostiako Jazzaldiak La Locomotora Negra eta Chucho Valdes sarituko ditu

Jaialdiaren 56. aldiko egitarau osoa aurkeztu dute. Arlo Parksen eta Mulatu Astatkeren emanaldiak bertan behera utzi behar izan dituzte

Babesleekin batera aurkeztu zuten 56. jaialdia, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ane Delgado Aldabaldetreku.
Donostia
2021eko uztailaren 3a
00:00
Entzun

«Azken urteetako garrantzitsuena eta erakargarriena» izango da Donostiako 56. Jazzaldia, antolatzaileen hitzetan. Hilaren 21etik 25era egingo dute, eta jazz munduko bi izen handiri emango dizkiete aurtengo sariak: Chucho Valdes piano jotzaileari eta La Locomotora Negra taldeari.

 

«Jazzaren historiako handienetako bat»: horrela definitu du Miguel Martin Donostiako Jazzaldiaren zuzendariak pianista kubatarra. Dioniso Jesus Valdes Rodriguezek, Chucho Valdes izenez ezagunagoa denak, jasoko du jaialdiaren aitortza, 2003an haren aitak, Bebo Valdesek sari bera jaso eta ia hogei urtera. 38. aldiko jaialdian aitak eta semeak kontzertu bat eman zuten. Aurten, berriz, bakarrik igoko da Chucho Valdes Donostiako Trinitate Plazako agertokira. Hain zuzen ere, Mulatu Astatke ordezkatuko du; jatorri etiopiarreko musikaria Erresuma Batuan geratu beharko da, hango COVID-19aren araudiak itzultzean berrogeialdia egitera behartzen duelako —arrazoi beragatik geratu da bertan behera Arlo Parksen emanaldia, eta Jose James ariko da haren ordez—. Hilaren 22an emango du kontzertua Valdesek, Gonzalo Rubalcaba eta Aymee Nuviola musikarien segidan. Sarrerak jada agortuta daude, eta eskueran izango dira Astatkeren ezeztatutako kontzerturako erositakoak itzultzen badira.

La Locomotora Negra, berriz, Kataluniako jazz talde beteranoenetako bat da. 50 urte daramatzate jazz tradizionalarekin agertokiak betetzen. Hain zuzen, mende erdia betetzearekin batera, taldeak agertokietara azken aldiz igotzea erabaki du, eta jazzaldiak erabaki du taldeak egindako ibilbidea aitortzea eta eskertzea, Donostiako Jazzaldiaren aurtengo bigarren saria hari emanda. Azken kontzertua Viktoria Eugenia antzokian emango dute, uztailaren 21ean. Sarrerak eskuragarri daude jaialdiaren webgunean, eta Viktoria Eugenia antzokiaren abonamenduak ere, kontzertu hori barne hartzen dutenak, lor daitezke oraindik.

Aurtengo festibalak zortzi agertoki izango ditu, eta 60 kontzertu emango dira guztira; horietatik 29 doakoak izango dira. Zuzendariak adierazi du hainbat saiotarako sarrerak «oso denbora gutxian» saldu direla, eta nabarmendu du pandemiak ezarritako neurriak egonda ere «kalitate handiko» jaialdia prestatzea lortu dutela. Kontzertuetara joan ezin diren zaleei erraztasunak emateko, hemezortzi artistaren kontzertuak streaming bidez emango dituzte, eta doakoak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.