Hiri paisaia ardatz duen film sorta emango du Bilboko Azkuna zentroak

Oskar Alegria zinemagilea izango du komisario 'Irudikatutako Hiria' zikloak. Hamar film proiektatuko dituzte uztailaren 4ra bitarte

Fernando Perez Azkunako zuzendaria eta Oskar Alegria. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Bizidunez jositako hilerri bat, plaza bakarti bat, hiri erdian integratutako kartzela edo Jerusalemgo ile apaindegi «soil» bat. Paisaia urbanoan topa daitezkeen hamaika txoko ardatz hartuta, «pantailan soilik existitzen den hiria» osatzeko asmoz antolatu du Oskar Alegria zinemagileak Irudikatutako hiria zinema zikloa. Dokumental garaikide formatuan, han-hemengo hamaika espazio urbano uztartuz hiriko mapa bat marrazten ahalegindu da Alegria. Bilboko Azkuna zentroa izango du zikloa proiektatzeko espazioa, eta, uztailaren 4ra bitarte, zortzi film luze eta bi labur ikusteko aukera egongo da Azkuna Zentroko Zinematekan.

Alegria dute komisario proiekzioek, eta mapa zuri baten gainean hiria eraikitzeko asmoa duela dio; proiekzioetako espazioa hiri batean kokatu izana ez dela kasualitatea. «Bilbo da gure euskal metropolia eta ziklo hau egiteko lekurik egokiena». Hiria beti gaur-gaurko gai bat izango dela uste du zinemagileak, eta horregatik bihurtu ditu zenbait metropoli esanguratsu zikloaren abiapuntu. La Habana, Jerusalem, Paris eta Mexiko Hiria dira irudietako protagonista, besteak beste; edo, hobeto esanda, hiri horietako txoko konkretuak ikuspuntu bakan batetik behatuta.

Paradoxa eta ezustea

Hirien barneko paradoxa agerian uztea eta ikuslea harritzea du xede Alegriak, hamar proiekzioak batzen dituen haria delakoan. «Paradoxaren eta ezustearen bidez eraikitako hiriak dira. Hiri hauek ez daude porlanez eta berunez eginak; zeruz eta lurrez eginak daude». Hausnarketarako bidea irekita, bi gakoak filmen adibidez jantzi ditu komisarioak. Mexikon kokatua dago La plaza de la Soledad filma, hiriko plaza nagusiaren atzealdean kokatzen den plaza txikiago batean. «Askoz interesgarriagoa da atzeko plaza honetan gertatzen dena». Hilerri bat du abiapuntu Forever dokumentalak, non paradoxa agerian geratzen den. «Han lurperatutakoak baino gehiago dira hara doazen bisitariak; hemen,paradoxa da hildako baino bizidun gehiago daudela». Hilerria,gainera, hiri erdian kokatua dago; eta, azkenik, hirian integratutako kartzela aipatu du. Mur(s) rue de la sante-ek Parisko erdigunean erabat integraturiko kartzela bat du kokagune.

Horrela, «adreiluz adreilu» nor bere iruditerian hiria irudikatuz joango da ikuslea dokumental bakoitzak eskaintzen dituen hiri puskak batuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.