Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Antzinako DNAren ahalmen ezkutua

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Genomek organismoak eraikitzeko, hazteko eta garatzeko behar den informazio guztia gordetzen dute. Hori horrela, urte luzez uste izan zen genoma, batez ere, genez osatuta zegoela. Baina zientzia munduan sarri gertatzen den bezala, usteak erdia ustel.

Giza genomaren kasuan, geneek genomaren %30 osatzen dute. Gainera, ehuneko horren zati txiki bat (%1,5 inguru) besterik ez dira exoiak, RNA edo proteina bat ekoizteko informazioa duten sekuentzia kodetzaileak. Hortaz, zein da genomaren osagai nagusia? Bada, pronostiko guztien aurka, genomaren %45 inguru errepikatutako sekuentzia ez kodetzaileak dira.

Errepikatutako sekuentzia mota ezberdinak ezagutzen dira: besteak beste, SINE deiturikoak. SINEak ehunka basetako sekuentzia motzak dira, eboluzioaren poderioz genoman era sakabanatuan milaka aldiz txertatu direnak. Oro har, elementu errepikakor horiek inaktibatuta egoten dira, eta, inolako funtziorik betetzen ez zutelakoan, tradizionalki DNA zabor gisa definitu izan dira. Baina, beste behin ere, usteak erdia ustel. Izan ere, duela hilabete eskas, Nature aldizkari entzutetsuan argitaratutako lan batean frogatu dute antzinako DNA sekuentzia batzuk suspertuta posible dela minbiziari erasotzea.

Terapia epigenetikoen bidez, SINEak aktibatu daitezke, eta, ondorioz, harizpi bikoitzeko RNA molekula bereziak ekoitzi. Gure organismoak RNA molekula horiek atzematean, infekzio bat gertatu dela ulertzen du, eta, eraso horri aurre egiteko, immunitate sistema espezifikoa pizten du, minbiziari erasotzeko ahalmena daukaten bidezidorrak barne. Baina minbizia zelulek makina bat mekanismo dituzte immunitate sistemaren atzaparretatik ihes egiteko. Mekanismo horietako bat ADAR1 entzima ekoiztea da.

ADAR1ek SINEetatik eratorritako RNA molekulak eraldatzen ditu. Zehazki, RNA sekuentziako adenosina (A) baseak inosinato (I) bilakatzen ditu. Horrek harizpi bikoitzeko RNA molekula desegonkortzen du, eta, horrekin batera, RNAren mendeko immunitate sistemaren susperraldia blokeatzen du. Horren harira, giza minbizia-zeluletan ADAR1en ekoizpena zapuztuz gero, tumorea terapia epigenetikoekiko sentikorragoa dela frogatu berri dute. Ondorioz, ikerketa garatu dutenen aburuz, minbiziari aurre egiteko tratamendu itxaropentsua izan daiteke hori. Alegia, SINEak aktibatzen dituzten droga epigenetikoekin batera, minbizia zeluletako ADAR1 isilaraztea.

Badira 17 urte inguru giza genomaren sekuentzia ezagutzen dugula. Nolanahi ere, ez dago zalantzarik oraindik ere genomak sekretu asko gordetzen dituela, eta, beraz, ezin dugula bertan dagoen ezer gutxietsi. Izan ere, eboluzioa ez da tuntuna, eta sekuentzia jakin bat milaka urtez genoman egon bada, eta bertan badirau, zerbaitegatik izango da, nahiz eta guk oraindik ez ulertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.