Bidaian sortutako arazoak gainditu, eta arrakastaz aritu da EOS Istanbulen

Musikarien tresnak kontzertua hasi eta gero heldu ziren antzokira. Ordezko tresnekin hasi zuten Anton Bruckner ardatz zuen kontzertua

EOSeko musikariak, herenegun, Istanbulgo Cemal Resit Rey aretoan jotzen. EOS.
Erredakzioa
Donostia
2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Istanbulgo CRR Cemal Resit Rey aretoan zeukan aurtengo nazioarteko bigarren hitzordua, herenegun. Programan iragarrita zeukaten: lehen zatian, Max Bruch alemanaren biolin eta orkestrarako 1. kontzertua joko zuten, Alena Baeva bakarlari zutela; bigarren zatian, Anton Bruckner austriarraren bederatzigarren sinfoniako lehendabiziko hiru mugimenduen txanda etorriko zen. EOSen egungo zuzendari Robert Treviñoren agendak hartaratuta, Hans Grafen batutapean arituko ziren. Zuzendari austriarrak ez zuen lehen aldia EOS gidatzen: ez alferrik, 1993tik 1996ra bitartean bera izan zen bertako zuzendari titularra. Egitarauan aurreikusi gabeko ezuste batek baldintzatu zuen herenegungo kontzertua, baina: EOSekoak igandean joan ziren Turkiara. baina haraino hegazkinez asteburuan karriatu behar zituzten musika instrumentuak Madrilen geratu ziren.

Tresnen iritsiera atzeratzen ari zela ikusita, EOSekoek salbuespen plana aktibatu zuten. Ordezko instrumentuen bila hasi ziren, baita lortu ere: Istanbulgo Orkestra Sinfonikoaren eta hiriko gazte orkestra baten eskuzabaltasunari eta lankidetzari esker, kontzertuko lehen zatiaren interpretazioa, Bruchen lanarena, bermatzeko behar adina instrumentu biltzea lortu zuten. Alena Baevak entzuleen lehen txalo sorta eragin zuen bere interpretazioarekin, eta, Paganiniren 1. kapritxoa eskaini zuen errepikapen gisa.

Egitaraua aldatu gabe

Kontzertuaren bigarren zatirako programatuta zeukaten Brucknerren lana jo ahal izateko tresnak lortu ez, baina eta beste lan bat jotzea ere erabaki zuten EOSekoek: Brahmsen bigarren sinfonia. Lehen zatia bukatu osteko atsedenaldian, baina, beren tresnak heldu ziren aretora, eta hasiera batean iragarritako egitarauari lotu zitzaizkion musikariak.

CRR aretoan elkartutako entzuleek txalo zaparrada batekin eskertu zuten musikarien ahalegina. Kontzertuari amaiera emanez, Jesus Guridiren Amorosa lehen aldiz entzun zen Bosforoaren ertzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.