Zientzia

Neanderthalaren hats sakona

Asier Gomez-Olivencia eta Ella Been ikerlariek zuzendutako taldeak lortu du neanderthalen toraxaren 3Dko irudia sortzea, eta, modu horretan, haren arnasketa aztertzeko gai izan dira.

Neanderthalen toraxaren 3Dko irudia
Neanderthalen toraxaren 3Dko irudia BERRIA / EZEZAGUNA

Iker Tubia -

2018ko azaroak 23

Milaka urte dira munduan neanderthalik ez dela, baina, oraindik ere, asko dago haien inguruan ikertu eta ezagutzeko. Arnas aparatuari loturik heldu dira azkenengo berriak, orain arte nahiko ezezaguna zen alorretik. Izan ere, neanderthalen garezurra, besoak eta hankak ongi ezagutzen dira; ez, aitzitik, toraxa, ornoak eta saihetsak, oso gaizki gordetzen baitira. Orain, Kebara 2 neanderthalaren toraxaren 3D irudi bat sortzea lortu dute, eta, horri esker, ikerlariek proposatu dute arnasteko modua pixka bat ezberdina zutela gaur egungo gizakiekin alderaturik.

Israelgo Kebara haitzuloan aurkitu zituzten neanderthal horren aztarnak, 1983. urtean. Zortzi urte geroago, hari buruzko monografia bat argitaratu zuten, eta ornoen eta saihetsen inguruan idatzitako kapituluan zioten ez zela desberdintasunik gaur egungo gizakiarekin alderaturik. Kontrakoa frogatu du Asier Gomez-Olivencia eta Ella Been ikertzaileek gidatutako zientzialari taldeak. Haien ikerketaren arabera, neanderthalek birika edukiera handiagoa eta bizkarrezur egonkorragoa zuten, eta haien arnasketa diafragmari lotuagoa zegoen, egungo gizakiekin alderaturik. Ondorioak Nature Communications aldizkarian argitaratu dituzte.

Neanderthalaren eta gaur egungo gizakiaren artean konparazioa eginez, lehenbizikoen toraxaren forma ezberdina dela azaldu du Gomez-Olivenciak, zabalagoa delako. Emaitza batzuk ezustekoak izan direla onartu du. Alde batetik, neanderthalaren toraxaren tamaina ez dela gaur egungo gizakiarena baino askoz ere handiagoa. «Zati torafikoa ez da hain altua, baina hori konpentsatuta geratzen da zabalagoa delako. Beraz, tamaina orokorra ez da hain desberdina», azaldu du.



Bigarren desberdintasun nagusia bizkarrezurrari loturik dago. Izan ere, bizkarrezurra toraxean barrurago dago sartua neanderthalen anatomian. Hori sakroaren eta pelbisaren morfologia orokorrari loturik dago, eta pentsatzekoa da egonkortasun handiagoa emanen liokeela.

Baina ikerlariak gogorarazi du neanderthalek egungo gizakien garaiera izan arren pisutsuagoak eta gihartsuagoak zirela. «Beheko partea zabalagoa izanda, segur aski, arnastean diafragmak garrantzi handiago izango luke». Horretaz gainera, saihetsak horizontalagoak ditu, eta arnastean egiten duten mugimendua txikiagoa litzateke. Hori dela eta, arnasketa sakonagoa egiteko aukera izanen luke neanderthalak. «Nahiz eta eskeletoa handiagoa ez izan, segur aski, haien biriken ahalmena handiagoa izango litzateke».

Zertarako balio du horrek? Bada, neanderthalak egungo gizakiak baino mardulagoak zirenez, eta burmuin handiagoa zutenez, energia gehiago kontsumitzen zuten. Hori erretzeko, oxigenoa beharrezkoa da, eta, beraz, Gomez-Olivenciak dio proportzionaltasuna dagoela biriken ahalmenaren eta gorputzaren tamaina orokorraren artean.

Hamar urte baino gehiago eman dute Gomez-Olivenciak eta Beenek neanderthalen hezurrak aztertzen. Lehenbizi hezurrak banaka aztertu zituzten, eta egungo gizakiekin alderatu, teknika estatistikoak erabiliz. «Ornoetan eta saihetsetan ezberdintasunak ikusten genituen», dio ikerlari euskaldunak. Hurrengo urratsa hezur horiek elkartzea izan zen.

Neanderthal bat ospitalean

Haifako (Israel) ospitaleko eskanerrei esker, berregite birtuala egitea lortu zuten ikerlariek; 3D objektu bat, alegia. «Lehenengo zati lunbarra eta sakroa eraiki genituen, eta, gero, zati torafikoa», esan du Gomez-Olivenciak. Ordurako hasi ziren zenbait gauza ikusten: esaterako, kurbadura lunbar gutxiago zuela neanderthalak gaur egungo gizakiarekin alderaturik.

Saihetsak sartu zizkioten gero. «Uste baino lan handiagoa eman zuen, baina oso emaitza onak lortu genituen azkenean», onartu du euskal ikerlariak. Izan ere, fosila osorik zegoen, orno eta saihetsak gorde zituen, baina zazpi metrora topatu zuten, eta sedimentuaren pisuak apurtu egin zituen zati batzuk. Beraz, fosilaren berregitea zati batzuetan ez zegoen ongi, ikerlariak dioenez. Hori dela eta, batzuetan ispiluaren teknika erabili zuten, alde bateko saihetsa xehaturik bazen, beste aldekoaren ispilua eginez. Beste batzuetan, zatien arteko orientazioa ez zegoen ongi, beraz, birtualki moztu eta berregokitzen zituzten, kurbadurak hobetuz.

Ikerketa hori bukatuta, lanean jarraituko dute. Orain birsortutako toraxa Belgikan topatutako tamaina osoko neanderthal baten berreraikuntzan erabiliko dute. Noski, tamaina aldatu beharko dute neanderthal horren gorputzari egokitzeko. Horretaz gainera, orain sortutako toraxari besoak gehitu nahi dizkiote.

Bada zeregin gehiagorik: orain arte aurkitu diren neanderthalen toraxen hezurdurak gizonenak dira, edo gizon baten tamaina dute. Israelen Tabun C1 hezurdura aurkitu zuten, seguruenik emakume batena, eta hura berriz aztertu nahi dute, ikusteko ea neanderthaletan sexu arteko desberdintasun anatomikoak nolakoak ziren. Oraintxe ari dira artikulu horrekin lanean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna