Amaia Gabantxo idazleak irabazi du aurtengo Etxepare itzulpen saria

Gabriel Arestiren 'Harri eta herri' eta 'Maldan behera' lanak ingelesera itzuli ditu Gabantxok. Nevadako Unibertsitateak (AEB) argitaratu ditu
Amaia Gabantxo Etxepare itzulpen sariaren irabazlea.
Amaia Gabantxo Etxepare itzulpen sariaren irabazlea. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko irailak 29
Euskaraz lehenik. «Ezer ez naiz/ ez naiz ezer/ ez bada naizena». Ingelesez gero. «I am nothing/ nothing i am/ if not what i am». Gabriel Arestiren Ni eta nik diodana poema euskaraz eta ingelesez errezitatuz jaso zuen Amaia Gabantxo (Bermeo, 1973) itzultzaileak, atzo, Etxepare-Laboral Kutxa itzulpen saria. Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studiesekin (Reno, AEB) batera Arestiren Harri eta herri eta Maldan behera obrak itzuli ditu, edizio bakarrean. Egindako lanaren «kalitateagatik» eta «egokitasunagatik» saritu du Etxepare institutuak Gabantxo. 4.000 euroko saria itzultzailearen eta argitaletxearen artean banatuko dute, eta beste 2.000 euroko laguntza jasoko du itzultzaileak bere lanak sustatzeko.

Orain arte, hainbat lan itzuli ditu ingelesera: Harkaitz Canoren Twist eta Belarraren ahoa, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat, Anjel Lertxundiren Zorion perfektua, Unai Elorriagaren Vredaman eta Bernardo Atxagaren Borrokaria, besteak beste. Arestiren lanen itzulpenak, baina, lan handiagoa eskatu diola aitortu du. «Euskal literatura ingelesera itzultzeko lan honetan sartu nintzenetik, pieza asko itzuli ditut, baina batek ere ez dit eskatu Gabriel Arestiren hitzak besteko esfortzua».

Jarraian, azaldu du lanean zebilela albo batean utzi zituela ohar liburua eta ordenagailua, itzulpenekin ezin asmatu zegoelako. «Hasi eta geratu nenbilen». Arestiren poemak ahoz eta zuzenean itzultzen hastea bururatu zitzaion orduan. «Nahi gabe, itzulpen estrategia finkatu nuen. Izan ere, ahozko poesia erabili dut itzulpenerako: bertsolaritza. Hain zuzen, Arestiren poesiaren bihotzean bizi den espiritua».

Euskal idazle klasikoak itzultzearen garrantzia azpimarratu du, «munduak gu ikusi eta ulertu ahal izateko eta euskaldunok mundua zelan ikusten dugun ulertzeko». Hain zuzen, helburu hori du 2015. urteaz geroztik Etxepare institutuak banatzen duen itzulpen sariak. Lehen edizioan, Isaac Xubinek eta Kalandraka argitaletxeak jaso zuten saria, Joseba Sarrionandiaren Tiempo de exilio galegoz argitaratzeagatik; 2016an, Nam Kaneko idazleak eta Hakusuisha argitaletxea saritu zituzten, Kirmen Uriberen Mussche lana japonierara itzultzeagatik; eta Yaroslav Gubarevek eta Anetta Antonenkok Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak eleberria ukraineraz argitaratzeagatik jaso zuten saria, iaz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna