Krisi ekosozialari buruzko gogoetak ditu hizpide 'Jakin'-en zenbaki berriak

Hamalau aditu, aktibista eta eragilek harilkatu dituzte larrialdi klimatiko, ekologiko eta sozialaren korapiloak; baita abian diren alternatibak ere

Jakinek eta UEUk uztailean egindako jardunaldiak, Usurbilen. M. RAMIREZ / FOKU.
Erredakzioa
2021eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Krisi ekologiko, klimatiko eta sozialaren erdian: desazkundea beste biderik bada?. Galdera horren bueltan aritu ziren hainbat aditu, Usurbilen (Gipuzkoa), Jakinek, UEUk eta Usurbilgo Udalak antolatutako jardunaldietan, udan. Hainbat ertzetatik heldu zioten gaiari, eta horiek eraman dituzte orain Jakin aldizkariaren 245-246 zenbaki monografikora, Krisi ekosoziala. Desazkundea irtenbidea? izenpekora.

Denera, hamalau aditu, zientzialari, aktibista eta eragilek heldu diote aldizkarian larrialdi klimatiko, ekologiko eta sozialaren auziari, eta Euskal Herrian martxan diren zenbait alternatiba jasotzeari ere lehentasuna eman diote. Hala, justizia sozialaren, feminismoaren eta burujabetzaren inguruko kezkak baliabide naturalen ingurukoekin txirikordatuta azalduko dira; Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak hitzaurrean adierazi duenez, «mundu bizigarriago eta justuago bati galga» jartzen diolako krisi ekosozialak, eta hori lotuta dagoelako «hizkuntza eta kulturaren eremuan eta justizia sozialaren eta demokraziaren eremuan» dagoen egoerarekin.

Hau da artikuluen eta egileen zerrenda osoa: Klima eta biodibertsitatearen krisi bikoitzari aurre egiteko gobernantza eraldatzailearen aldeko aldarria (Unai Pascual Garcia de Azilu); Ekofeminismoaren txirikordak (Mirene Begiristain Zubillaga); Euskal Herriko ingurune naturalen etorkizuna (Arturo Elosegi Irurtia); Ur berdearen garrantzia klima-krisiaren aurrean (Ane Zabaleta Lopetegi eta Iñaki Antiguedad Auzmendi); Uraren kudeaketa Nafarroan: gatazkak eta proposamenak (Belen Ausejo Garriz); Abeltzaintza industrialaren ajeak. Nafarroako kasua (Lorea Flores Compains); Bizi!, larrialdi klimatikoaren, metamorfosi ekologikoaren eta justizia sozialaren haritik borrokatzen (Sabine Endara eta Xabier Harluxet); Esne-behi gutxiagorekin bizi daiteke? (Aitor Azkarate Tomassone); Non daude gure basoak? (Sergio Gallego Mazarias) eta Usurbil Atez Ate. Hondakinen desazkundearen bidetik (Ibon Goikoetxea Retegi); Energia berriztagarriak. Euskal Herrian badugu alternatiba propioa (Eider Murgoitio Bengoa).

Nobedadea kontrazalean

Irudigile grafiko berriaren lehen lana ere badakar azken Jakin-ek kontrazalean: Dom Campristonena. Egunen gurpilean atalean, berriz, Maialen Akizu Bidegainen, Jaime Altuna Ramirezen eta Iñigo Martinez Peñaren testu bana ere badakar, ohi duten eran, nork bere esparrutik idatzia: kultura, soziolinguistika eta filosofia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.