Albistea entzun

Egin dezagun klika!

Mertxe Mugika, Asier Amondo - Hurrenez hurren AEKren koordinatzaile nagusia eta 21. Korrikaren arduraduna

2018ko abenduak 12

Abenduaren 3an ospatu genuen Euskaraldiaren agurreko jaieguna, Euskararen Egunean, eta dagoeneko inork ez du auzitan jartzen hizkuntza-ohiturak aldatzeko inoiz egin den ariketarik masiboena izan dela. Euskal Herri osoan barreiatuta dauden 400 herrik baino gehiagok eman zuten izena ekimenean, eta, ondoren, 220.000 ahobizi edo belarriprest, 11 egunean txapa soinean jarrita, euskaraz bizitzeko ahaleginetan aritu gara. Are gehiago, gure hizkuntzaren erabilerari buruz hausnartu eta eztabaidatu dugu, bai eta horretan jarraitzeko beharra aipatu eta aldarrikatu ere.

Halaber, elkarlana izan da, besteak beste, ahalduntzeko ariketa honen arrakastaren gako garrantzitsu bat. Elkarlana, alde batetik, ahobizi eta belarriprest izan garenon artean, elkarrekin saiatu baikara inertziak apurtzen. Elkarlana, beste alde batetik, administrazioaren eta herri-ekimenaren artean, zubi berriak gurutzatu, bat egin eta elkar aitortu baitugu. Biak dira elkarlanaren adibide bikainak, jarraipena behar dutenak, bai horixe!

Euskaraldia bukatu eta hurrengo egunean, erakundeetako eta euskalgintzako eragileok elkarrekin egin genuen balorazioa, eta denon aurpegietan zein ezpainetan nabarmena zen irribarrea, eta aurrera egiteko gogoa ere bai. Askoren ustez, bide oparoa dugu aurretik, eta horrek eragiten dizkigu, hain zuzen, poza eta ilusioa: batetik, ahobiziak eta belarriprestak ugaritzeko aukerak daudelako; bestetik, erakundeen eta gizarte-eragileen arteko benetako elkarlana gauza daitekeela egiaztatu dugulako.

Bestalde, pozik irakurri dugu entitateak izango direla ardatza hurrengo Euskaraldian. Gure ustez, norbanakoen hizkuntza-ohiturak aldatzeko bide honetan, bada garaia hizkuntza-portaerak babestuko dituzten neurriak abiatzeko.

Herri-gogoa egon badago, herritar askok Klika egin dugu: gogoeta eta portaera-aldaketa eragin dituen Klik bikoitza. Klika da, hain zuzen ere, 21. KORRIKAk barreiatuko duen leloa. Izan ere, klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera, hautu hori egitea; Klika egitea da herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurriak hartzea.

20. KORRIKAn, Santiagoko Zubian irudikatu genuen oparoa izaten hasi den zubigintza; elkarri eskua eman, eta euskararen lekukoa eskuz esku eraman genuen helmugaraino, beste dinamika batean murgildu behar ginela azpimarratu genuen. Euskaraldiak erakutsi digu, argazkiaz harago, badugula ekimen bat elkarrekin egitea. Sinergia —eta indar— batuketa itzela gertatu da azken urteotan, eta, orain, hori guztia esparru politikora eta konpromisoetara eraman behar da.

Datozen hilotan, egongo da aukera bide beretik aurrera egiteko. 21. KORRIKAren atarian, zubigintzatik konpromisoetara jauzi egitea aldarrikatu nahi dugu, alegia, euskararen hurrengo fasea klikatzea, aktibazioarena, euskara unibertsala bihurtuko duena. Euskal Herria kontzientziatuta dago euskarari dagokionez, eta sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea hizkuntza-politika integrala abiatzeko eta garatzeko. Izan ere, euskararen alde egoteak, horrek bakarrik, ez gaitu eramango normalizaziora; benetako normalizazioa erdietsiko badugu, neurri politikoak hartu behar dira.

Klika da aukera; egin dezagun hautua eta bihur ditzagun egia ameskeriak izan daitezkeenak. Klika eginez gero, gerta liteke, 2019ko neguaren atarian, adibidez, EiTBko talde osoak 11 egunez programazioaren zatirik handiena euskaraz eskaintzea, edota kazeta nagusietan euskarazko orriak ugaritzea, herri eta hirietako kultur egitarau osoa euskaraz izatea, kiroldegietako ikastaroak euskaraz egiteko aukera edukitzea, gastronomia-elkarteetako bilerak euskaraz egitea, enpresetan eta administrazioko edozein bulegotan lehenbiziko hitza euskaraz egitea eta halaxe jarraitu ahal izatea, administrazio nagusietan hizkuntza-eskakizunak ezarrita izatea, helduen euskalduntzea doakoa izatea, Nafarroako zonifikazioa desagertuta egotea, Iparraldean euskara ofiziala izatea, etorkizuneko belaunaldien euskalduntzea bermatuta izatea, euskara erdigunean egotea...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...