Europar kontseiluaren goi bilera

Liberala, hein bateraino

Macronek proposatu du kanpoko enpresen inbertsioak eta erosketak mugatu ahal izatea, eta langile lekualdatuen zuzentaraua gogortzea

Iker Aranburu.
2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Goi bilera bakar bat behar izan du Emmanuel Macronek erakusteko ez dela batzuek diotena bezain liberala, eta bai, ordea, bere nortasun agiriak dioena bezain frantziarra. Kutsu protekzionista garbia baitute Frantziako presidente berriak Europako Batasuneko beste agintariei egindako proposamenetako bik: EBtik kanpoko enpresei mugak jarri ahal izatea «Europako segurtasuna auzitan dagoenean»; eta EBko herrialde pobreagoetan kontratutako langileak herrialde aberatsetara lanera eramateko zailtasun gehiago jartzea. Proposamen batek zein besteak zatiketa handia eragin dute EBko agintarien artean.

Merkataritza librearen eta protekzionismoaren arteko dialektika berriro gori-gorian dago, batez ere Donald Trumpek AEBetako lehendakaritza lortu zuenetik neurri protekzionistak aginduta. Merkataritza librearen defenditzaileren tronu hutsa ziztu bizian bete nahi izan zuen Xi Jinping Txinako presidente komunistak, eta haren alboan jarri zen Europako Batasuna.

Baina gauza bat da esaten dena, eta beste bat egiten dena. Txinak ozenki aldarrikatzen du merkataritza librea, baina etxetik kanpo nahi du hori; bere etxean muga handiak jartzen dizkie atzerriko inbertsioei. EBn enpresak erosteko edo kontratuak lortzeko traba gutxi dituzte, berriz, Txinako konpainiek.

«Multilateralismoaren alde egoteak ez du esan nahi inozoak izan behar dugunik. Bidezko lehia egokiagoa da oihanaren legea baino ». Horrela justifikatu zuen atzo Macronek atzerriko inbertsiogileei mugak jartzea, batez ere energiarekin, finantzekin eta teknologiarekin zerikusia duten gaietan. «Merkatu ekonomia librearen alde gaude...arau multilateralak defendatzen dituenean», esan zuen, alboan Angela Merkel zuela.

Oraintsu arte, Alemaniako kantzilerra eta hango enpresaburuak ez zeuden ados proposamen horrekin, Txinan asko saltzen dutenez ez dutelako arazorik nahi Pekinekin. Baina, Txinako Midea enpresak Kuka robot egilea erosi izanak eztabaida sortu du Alemanian, eta orain Merkel prest dago gaiari buruz hitz egiteko, Txinari begira ez ezik, baita AEBri begira ere. «Elkarrekikotasuna da bidea. Esaterako, AEBetako kontratu publikoetarako sarbidea badugu, orduan esan diezaiokegu baietz Europako kontratu publikoetan sartzeari».

Frantzia-Alemania bikotearen ekimenaren ondorioz, agiri bateratu bat sinatu zuten EBko buruek, Europako Batzordeari eskari bat egiteko: bila ditzala bideak inbertsio eta kontratu publikoetan arauak berdinak izan daitezen. Aurreragoko bilera batean helduko diote berriro gaiari, baina kostatuko zaie ados jartzea. «Urrats bat protekzionismorantz» dela uste dute eskandinaviarrek, eta Txina haserretzeko modu bat ekialdekoek.

Lekualdatutako langileei dagokienez, Macronek EBren araudia gogortu nahi du, ez dadin hain erraza izan langileak herrialde merke batean kontratatzea herrialde garestiago batean lan egin dezaten.

Euskal Herrian ere sortzen ditu tirabirak gai horrek. Hegoaldean, eraikuntzako langileak Portugalen kontratatzeak eragin izan ditu; Iparraldean, berriz, Hego Euskal Herrikoak eramateak pizten ditu kritikak aldian behin.

Baina Macronek batez ere langileak Europa ekialdean eta erdialdean kontratatzen dituztenak ditu buruan, dumping soziala egiten dutelako — sektore oso bateko soldatak jaitsi—.

Proposamenari uzkur begiratzen diote Visegrad taldeko lauek —Poloniak, Txekiak, Eslovakiak eta Hungariak—, eta hala jakinarazi zioten atzo Macroni, aurrez aurreko elkarrizketa batean. Gaiari buruz hitz egiteko bilera gehiago egitea adostu zuten. Urriaren 23ko ministroen kontseilu batean hartu nahi du erabakia EBk.

Eurogunea indartuz

Kutsu protekzionistako neurriak ez ezik, eurogunea gehiago batzeko beste batzuk ere mahairatu ditu Macronek: euroa darabilten estatuek parlamentu bat, finantza ministro bat eta aurrekontu bat partekatzea. Proposamena ez da berria: François Hollandek berak berdina eskatu zuen 2015ean. Jaramon handirik ez zuen jaso Hollandek, baina harrera hobeajaso du Macronek, baita Merkelen aldetik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.