Hibaikak ETE ligan eta Zarautzek KAE 1 ligan: hirutik hiru

Aitor Manterola Garate.
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Bikain ekin diote Hibaikak eta Zarautzek lehiari, ETE ligan eta KAE 1 ligan, hurrenez hurren. Biek irabazi dituzte jokaturiko hiru estropadak. Atzo arratsaldean jo zuten hirugarren kolpea, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) eremu berezian, eta indartu egin dituzte lehen postuak.

Emakumezkoek ekin zioten lanari, eta bi ziaboga eman eta hiru luze osatu behar izan zituzten. Garailea azkeneko txandan joan zen, eta aurkariak Zumaia, Tolosaldea eta Deustu izan zituen. Zumaia izan zen azkarrena aurreneko ziabogan, segundoa atera baitzion Hibaikari, baina bigarren luzean, Errenteriako taldeak hartu zuen burua, eta zumaiarrek baino hiru segundo bizkorrago hartu zuen buelta bigarren ziabogan. Hamarrera zuen Tolosaldea, eta hamabira Deustu. Azkeneko luzean, zabaldu egin zituen tarteak traineru irabazleak, eta hamar segundora utzi zuen Zumaia bukaeran, hemezortzira Tolosaldea, eta hamaseira Deustu.

Bi horien aurretik egin zuen sailkapenean bigarren txandako garaileak, Kaikuk. Hibaikak hamabi segundo atera zizkion. Ondoren sailkatu ziren, San Juan seigarren zela, Isuntza, Ondarroa—lehen txandako garailea—, Hernani, Lapurdi eta Colindres.

KAE 1 ligako arraunlarien lana etorri zen emakumezkoenen atzetik, eta sei luze eta bost ziabogako lana egin zuten. Hor ere, azkeneko txandan egon zen garailea. Ligako lau onenen arteko lehian, Zarautzek aurrea hartu zien Deustu, San Juan eta Pedreñari, atzetik aurrerako lana eginez. Deustu izan zuen aurretik Zarautzek, baina, azkenean, lau segundoren tartea atera zien bizkaitarrei. Bigarren txandako garailea, Donostiarra B, hirugarren izan zen, eta, gero, honela sailkatu ziren: San Juan, Camargo, Pedreña, Getaria, Zumaia —lehen txandako garailea—, Arkote, Santoña, Hibaika eta Lapurdi.

Gaur ez dute estropadarik ETE eta KAE 1 ligetan, baina bai KAE 2n, Elantxoben, 12:00etan hasita. Bigarren jardunaldia dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.