Italiako Giroa. Pello Bilbao. Astanako txirrindularia

«Etapa irabazteak lasaitasuna eman dit, aspaldiko helburua zen»

Iaz, seigarren izan zen Giroan, baina, aurten, alergiek sailkapen nagusiko lehiatik kanpo utzi dute. L'Aquilako garaipenarekin leundu du: «Lehen hamarretan sartzea baino nahiago nuen».
ALESSANDRO DI MEO / EFE

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko maiatzak 28
Eguraldi txarrak atseden eguna are lasaiagoa bilakatu du Pello Bilbaorentzat (Gernika-Lumo Bizkaia, 1990). Iragan asteburuan familiakoak izan zituen bisitan, eta hurrengoan lagunak datozkio, baina atzo taldekideekin igaro zuen eguna. Arrabol pixka bat, ondo jan, eta atsedena.

Zer moduzko giroa duzue taldean? Miguel Angel Lopez taldeko liderra atzera antzean dago, baina bi etapa irabazi dituzue

Gazi-gozoa. Giroa lehiatzeko asmotan etorri ginen Lopezekin. Irabaztera edo, gutxienez, podiumean sartzera. Eta, momentuz, ikusten dugu helburu hori zaildu egin dela, eta garaipena pixka bat urruti dagoela. Alde horretatik, espero baino emaitza eskasagoa, momentuz. Baina, orekatzeko, bi etapa irabaztea lortu dugu, eta haize positiboak etorri dira taldera. Horrek ez du esan nahi oraindik gorantz egingo ez dugunik; bost etapa eta erlojupekoa falta dira. Askotan ikusi dugu Giroari nola eman zaion buelta azken etapetan. Nibalik horrela irabazi zuen, eta iaz bazirudien Yatesek poltsikoan zuela.

Zer moduz dago Lopez animoz?

Zorrotza da bere buruarekin, eta badaki oraingoz ez duela helburua bete. Baina ez dago goibelduta. Bi etapa garaipenek poztasun apur bat eman diote, eta giro lasaia dugu.

Eta indarrez, nola dago?

Egun oso onak izan ditu, eta, batzuetan, puntutxo bat besteen gainetik ibili da. Gero, zailtasunak etorri ziren: matxura eta abar. Baina burugogorra da. Duenarekin ez da konformatuko, eta ez dauka ezer galtzeko. Orain da haren garaia arriskatzen saiatzeko.

Nola ikusten duzu sailkapen nagusiko borroka? Nor dago indartsuen?

Movistarrek alde nahiko handia du. Liderra sendo dago, eta gehien erakutsi duen taldea da. Carapaz sendo dago; goraka inork baino gehiago erakutsi du, eta Landa du alboan, egoera zailetan lagundu ahalko diona. Roglici, aldiz, herenegun pixka bat okertu zitzaion lasterketa. Ezin du denbora gehiago galdu; bestela, erlojupekoan ezingo dio buelta eman. Estu dago. Nibalik ere ondo bukatzen daki, eta arriskutsua da. Gero, atzekoak: Majka, Mollema... ez ditut erasoan ikusten, postua mantendu nahiko dute. Yates eta Lopez izan daitezke animatzaileak podiumera begira.

Eta zu? Zer moduz? Alergiek sailkapen nagusiko lehiatik kanpo utzi zaituzte.

Egun eskasak pasatu ditut alergiekin. Lehen astean, ondo ikusi nuen nire burua, sailkapen nagusian goian eusteko moduan. Baina, alergien ondorioz, bizpahiru egunetan asko sufritu dut, eta giharretatik ere jota ibili naiz. Lehen mendi etapan asko sufritu nuen. Ikusi nuen ez nintzela kapaz onenekin egoteko, eta helburuak pixka bat birplanteatu nituen: Sailkapen nagusia ahaztu, Lopezi laguntzen saiatu, eta, aukeraren bat suertatzen bada, fresko egoten saiatu.

L'Aquilako etapa irabazteak atsekabea arinduko zizun. Askotan ikusi al dituzu irudiak?

Ez, larregi ez. Egunean asko gozatu nuen. Itzela izan zen animoak jasotzea, eta etxekoek eta lagunek nola gozatu zuten ikustea. Sentipena nuen Girotik zerbait handia eramango nuela. Helburu oso garrantzitsua zen niretzat, eta lasaitasuna eman dit.

Iaz, seigarren izan zinen Giroan, eta, aurten, etapa bat lortu duzu. Zerk ematen du poz handiagoa?

Bere garaian balio handiagoa eman nion iazkoari, nire buruari eta jendeari erakutsi nahi niolako gai nintzela itzuli handi batean hor goian egoteko. Garai hartan ez nuen aldatuko etapa garaipen bategatik. Baina hori lortuta, aurten nahiago nuen etapa bat irabazi lehen hamarren artean sartu baino. Banekien zer zen lehen hamarren artean sartzea; erakutsi dut gai izan naizela, eta aurten gogo berezia nuen nire aukeratxo hori topatu eta baliatzeko. Are gehiago Lopezekin gentozela jakinda.

Mezu asko jaso al zenituen?

Bai, asko! Hiru edo lau egunez egon nintzen Whatsapp mezuak entzuten eta erantzuten. Bideoak, argazkiak... Itzela da Giroko etapa batek sortu dezakeen oihartzuna.

Astebete pasatuta, zein irudi datorkizu burura garaipenetik?

Helburua lortu izanarena, hainbeste denboran jarraitu dudan helburua. Lasaitasuna eman dit, kapaz izan bainaiz itzuli handi batean etapa bat irabazteko. Hainbat itzuli handi lehiatu ditut, beti hor borrokan, hurbil egon naiz behin baino gehiagotan... baina ez da erraza. Batzuetan, indartsuena izanda ere estrategiak kale egin izan du. Egun horretan, burua hotz izan nuen; dena kalkulatu, ondo neurtu... eta dena ezin hobeto irten zen.

Erlojupekoetan ere oso ondo ibili zara.

Bai, 9. eta 11. izan naiz. Urte hasieratik ari naiz oso ondo. Posturik txarrena 11.a izan da. Ivan Belaskok hori esan zidan aurrekoan. Asko lagundu dit: posizioa, mentalizazioa... Lehen ez nion garrantzi handia ematen, baina azken bi urteetan bai. Ikusi dut helburu handiagoengatik borrokatzeko gai nintzela, eta lanak fruituak ematen ditu. Erlojupekoan hori garbi ikusten da.

Gaurko etapa aldatu egin dute. Nolakoa da azken aste hau?

Arindu egin dute gaurkoa; 2.600 metrotik gorako mendate bat beti da oso zaila. Eguraldi txarra iragarrita dago gainera; arrisku handia legoke, eta uste dut erabaki zuzena dela. Azken aste honetan, goi mendiko bi etapa gelditzen dira; beste bi menditsuak, baina ez goi-goi mailakoak, eta, azken egunean, erlojupekoa. Badago non min egin.

Giroa nola doan ikusita, Tourrean pentsatu al duzu?

Denboraldi hasieratik buruan nuen, eta pixkanaka ari naiz taldearekin konpartitzen. Nik ere ikusi nahi nuen Giroa nola bukatzen nuen, eta aukera ona izan daitekeela uste dut. Ikusi behar taldeak ni aukeratzen nauen helburu horretarako.

Urte ona egiten ari zara, eta kontratua bukatuko duzu abenduan. Horri buruz ere hitz egin duzu taldearekin?

Hartu-emanak aspaldi hasi ziren, eta beste talde batzuek ere interesa dute. Aztertzen gabiltza zein izan daitekeen aukerarik onena hurrengo urterako. Mugimendu asko daude merkatuan, baina ikusi beharko da zer aukera dauden. Kirol aukeretan pentsatu nahi dut, hazteko unean bainago. Talde on batean egon nahi dut, baina aukerak emango dizkidana, noizbehinka bada ere.

Zenbat talde izan dira?

Interesa askok adierazi dute, baina eskaintza formala egin, gutxik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna