'Brexit'-a. Balizko hauteskunde aurrerapena

Johnsonen irtenbidea: legea zuzentzea, bozak gehiengo soilarekin aurreratzeko

Liberal-demokraten eta SNPren proposamena da, eta gobernuak ontzat jo du. Estrategiak jokoz kanpo harrapatu du Alderdi Laborista

Swinson Liberal-demokraten buruzagia, zutik, artxiboko irudi batean; SNPrekin batera ondu du plana. UK PARLIAMENT / EFE.
ander perez zala
2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun

Brexit-aren bitxikeriak: azkenean, baliteke Europako Batasunetik (EB) ateratzearen kontra dauden bi indar politikok ematea modua Erresuma Batua EBtik ateratzea. Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) eta Liberal-demokratak alderdiak hauteskundeak aurreratzeko plan bat ondu dute asteburuan, egungo blokeo politikoa gainditze aldera, eta gobernuak ontzat jo du trikimailu politiko hori, bide alternatibo eta eraginkor bat izan daitekeelako Boris Johnson lehen ministroaren helburuak betetzeko. Finean, plana da legeari zuzenketa bat aurkeztea, bozetarako deia gehiengo soil baten bidez onartzeko; Johnsonek atzo gauean baieztatu zuen hala egingo duela gobernuak.

2011z geroztik, Komunen Ganberako diputatuen bi herenen babesa —gutxienez 434 diputatu— behar da parlamenturako hauteskundeetara deitzeko —aurreko bozak egin baino bost urte lehenago bada—, eta Johnsonek ez du halakorik lortu saiatu den bakoitzean, Alderdi Laborista abstenitu egin baita. Liberal-demokratek eta SNPk, bozak aurreratzearen aldeko bi alderdik, laboristei aurrea hartzea erabaki dute egitasmo politikoei dagokienez, eta azaldu dute prest daudela lege proposamen bat aurkezteko, bozetara deitzeko arauak zehazten dituen legeari zuzenketa bat egiteko. Lehen ministroari ongi iruditu zaio mugimendu politiko hori, eta bere egin du estrategia, Alderdi Laborista jokoz kanpo harrapatuta.

Gobernuak, oposizioko bi alderdiek proposatu dutenarekin bat etorrita, eskatuko du lege hori soilik moldatzea abenduko balizko bozetara deitzeko: bi herenen babesa beharrean, gehiengo soilaren aldeko botoei esker —gutxienez 326 diputatu—. Horrek arrakastarako bidea luke, kopuru hori gaindituko bailukete kontserbadoreen (288), liberal-demokraten (19) eta Eskoziako independentisten (35) ordezkariak batuta.

Atzoko Komunen Ganberako saioan, oposizioko bi alderdi horiek estrategia horren erabilera argudiatu zuten, baina adierazi zuten ez zeudela ados gobernuarekin bozen dataren inguruan: Johnsonek abenduaren 12an nahi ditu, atzo azaldu bezala, baina liberal-demokratek eta SNPk nahiago dute hiru egun lehenago izatea, abenduaren 9an.

Talka, hortaz, dataren ingurukoa da, eta horren araberakoa izango da bi alderdi horien babesa. Jeremy Corbyn laboristen buruzagiak adierazi zuen «sakon aztertuko dutela» lege proiektua, itunik gabe irteteko modurik eman ez dezan.

Data, estrategikoa

Gazteen botoa erakartzeko, liberal-demokratek eta SNPk nahiago dute bozak ahalik eta goizena egitea: adin tarte hori da europazaleena, eta abenduaren 9an oraindik unibertsitatean izango dira, eta han bozkatzeko aukera izango lukete; hil horretako 12an, gehienak Gabonetako oporretan egongo dira, eta data horietan zailagoa izan ohi da boto emaileen mobilizazioa.

Horrez gain, Eskoziako independentistek nahi dute abenduko hauteskunde posibleetan 16 eta 17 urteko gazteek ere botoa emateko aukera izatea, Ian Blackford SNPren Westminsterko buruzagiak atzo azaldu zuenez. Hortaz, dataren aukeraketa ere estrategikoa bilakatu da.

Luzapenari forma eman diote

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.