«Eredu justuago baten alde», greba feministara batu da gehiengo sindikala

Lau orduko lanuzteen deiak erregistratu dituzte ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta EHNEk. Mobilizazioetan parte hartzera deitu dute sindikatuek
Sindikatuetako ordezkariak, greba feministako lanuzte deialdia erregistratu aurretik.
Sindikatuetako ordezkariak, greba feministako lanuzte deialdia erregistratu aurretik. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS

Jon Ander De la Hoz -

2018ko otsailak 7
Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8rako deitu duen greba feministarekin bat egin du gehiengo sindikalak. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta EHNE Bizkaiak atzo erregistratu zituzten egun horretako lanuzteetarako deiak Bilboko Lan Ordezkaritzan, eta gauza bera egingo dute gaur Iruñean. Lau orduko lanuzteak iragarri dituzte martxoaren 8rako, goizez eta arratsaldez egiteko: 11:00etatik 15:00etara, eta 18:00etatik 22:00etara. Enplegu grebaz gain, zaintza lanen, ikasketen eta kontsumo praktiken grebara ere deitu dute. Sindikatuek bat egin dute mugimendu feministaren deialdi horrekin, eta Emakumeok* Planto lelopean antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

ELA sindikatuko ordezkari Leire Txakartegiren esanetan, arrazoi asko dituzte greba egiteko: «Erakutsi nahi dugu sistema honek ez duela funtzionatzen emakumeon ekarpenik gabe». Horregatik, gizarte eredu justuago bat galdegin du; gogorarazi du batez beste gizonezkoek baino 7.500 euro gutxiago jasotzen dituztela emakumezkoek urtean ordainsarietan, eta «prekaritate tasa handiagoa» pairatzen dutela. Horiez gain, greba egiteko arrazoi gehiago ere baditu Txakartegik: «Enplegu arloko arrazoiei indarkeria matxista eta arlo pribatuko zaintza lanak gehitu behar zaizkie. Zaintza lanek ez dute inolako aitorpenik».

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ere greba egiteko arrazoi asko daudela pentsatzen du: «Sistema kapitalista, heteropatriarkal eta arrazista honek zapalkuntza hirukoitza inposatzen du: klase, genero eta arrazaren araberakoa». Haren esanetan, sexuaren eta arrazaren araberako bereizketa gertatzen da lan produktiboak eta erreproduktiboak banatzeko orduan, eta «emakumezkoen ardurapean uzten ditu zaintza lanak, sistema honek bigarren mailan uzten dituenak».

«Eredu jasanezin hori» bazterrera utzi behar dela esan du LABeko idazkari nagusiak, eta gogorarazi du lanuzte horiek «bete-betean» bat egiten dutela LABek bere azken biltzar nagusian egindako gogoetekin eta haren ostean hartutako erabakiekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna