Lehman Brothers erori zela hamar urte. Juan Ugarte. SEAko zuzendaria

«Ez zen arazo bat merkatu batean; kataklismoa orokorra zen»

2008ko irailean Arabako enpresei egindako inkesta batek krisia gordin zetorrela iragarri zuen. Ugartek ezagutarazi zuenean, sekulako zalaparta politikoa piztu zen.
QUINTAS

Ivan Santamaria -

2018ko irailak 16
SEA Arabako enpresen patronaleko idazkari nagusi kargua hartu berria zuen Juan Ugartek (Gasteiz, 1967), Lehman Brothers erori eta krisi ekonomikoa nazioartera hedatu zenean. SEAn jarraitzen du oraindik, zuzendari modura, eta ondo gogoratzen du nola gaiztotu zen egoera ia egun batetik bestera. «Irailean itzuli ginenean aurkitu genuen egoerarekin inolako zerikusirik ez zuen sentipen batekin joan ginen abuztuan oporretara», onartu du.

Nola gogoratzen dituzu Lehman Brothers erori zeneko egunak?

Horrelakoetan jabetzen zara nazioartekotzea edo globalizazioa benetan errealak direla. Joera duzu pentsatzeko Euskal Herria irla bat dela, Espainia beste irla bat, eta AEBak oso urrun daudela, baina denak eragiten du. Inork ez zuen espero gertatzen ari zena, gainera, finantzak bezalako sektore oso espezifikoan halako oihartzunik izango zuela. Noski, dirua da sistemaren odola. Kolapsatu zenean, sistema blokeatu zen. Ez zegoen krediturik familientzat eta enpresentzat.

Noiz jabetu zinen lehen aldiz ez zela besteak bezalako krisi egoera bat? Benetan krisi larria zetorrela?

Garai horretan dagoeneko ez genituen egiten ohiko egoera txostenak, hazkunde aurreikuspenekin eta halakoekin. Horren ordez, enpresen barometro bat egiten genuen. Besterik gabe, zuzenean galdetzen genien enpresei zer espero zuten eskaera zorroan, fakturazioan, enpleguan eta abarretan. Udaren bueltan, galdetegia bidali genuen. Irailaren amaieran eta urriaren hasieran ia 200 enpresak emandako erantzunak bildu genituen. Ez zen merkatu jakin batean arazoak zituen enpresa bat; kataklismoa orokorra zen.

Gogoratzen al duzu elkarrizketaren bat enpresaburu edo bazkideren batekin egoeraren gordintasunaz ohartarazi zizuna?

Oporretatik itzuli berritan, enpresa batek deitu zidan. Bi negozio ildo zituen. Eraikuntzarako erradiadoreak egiten zituen, alde batetik, eta autogintzako marka handien hornitzailea zen, bestetik. Egun batetik bestera, abuztuan, urte osorako fabrikazio aurreikuspena aldatu zioten. Zuzenketa ikaragarria zen. Pentsa, hilero 30.000 unitate entregatu behar bazituen, esan zioten hortik aurrera soilik 300 izango zirela. Jokoz kanpo geratu zen, erabat. Lehen seihilekoan ekoizpena biderkatzeko inbertsioa egitea pentsatua zuen!

SEAn teknikaria zinen, eta uztailean idazkaritza nagusia hartu zenuen. Urrian, ahotsa altxatu zenuen, eta iragarri «hilabete zailak, enpresa itxierak eta erregulazio masiboak» gertatuko zirela. Euskal ingurunean, ahots kritikoa izan zineten.

Nire lehen prentsaurrekoa izan zen. Askok pasatu egin ginela aurpegiratu ziguten, katastrofista izatea egotzi. Zuzendu egiten ziguten, ez zela hainbesterako, geure oinarri industrialari esker onik aterako ginela, Espainia ez bezala. Ea, geure zerbitzu eta produktuen %70 Espainiako merkatura zihoazen; hura amiltzen ari bazen, esango didazu. Eskaeraren zuzenketa itzela gertatu zen, eta finantzaketa moztuta zegoen.

Denetarik esan zizuten. Eusko Jaurlaritzak «tremendista» deitu zizun, eta «alarma soziala piztea» egotzi. Nola hartu zenuen?

Badakigu politika zer den, joko politikoak nolakoak diren. Guk datuekin egiten dugu lan; ez diegu interpretazio politikoa ematen. Enpresek esaten badigute egoera txarra dela, esan egingo dugu, eta kontrakoa badiote, ere bai. Mezu horren atzean egoerari aurre egiteko batasun eskaera bat bazegoen. Errealitatea ezkutatzea... egia da ekonomian animoek eragiten dutela, ez direla alarmak edonola sortu behar. Ez da geure estiloa. Datuek esaten zigutena hain latza zenez, ez genuen izan esatea beste erremediorik.

Sekulako polemika piztu zen.

Eztabaida sekulakoa izan zen, bai. Gogoratzen dut enpresabururen bat saiatu zela garrantzia kentzen, mezulariari tiro eginez, esanez kazetariek puztu egin zutela. Ez, ez zegoen halakorik; kazetariek ondo jaso zuten nik esan nuena, eta hori zen esan nahi nuena. Berrehun errealitateren datu fidagarriak genituen. Ez da azkarragoa edo tontoagoa izatea, datuak eskura izatea baizik.

Erregulazioak eta kaleratzeak iritsi ziren. Harritu zintuen hain azkar eta hain bortitza izateak?

Inkestak aurreikusten zuen bortizkeria hori, baina guri esan izan baligute hamar urtez luzatuko zela eta horrelako sakontasuna edukiko zuela, ez genuen sinetsiko. Ezinezkoa zen horretarako egokitzea. Geure belaunaldiak ezagutu duen krisi handiena da. Ezustean harrapatu gintuen, hamabost urte generamatzalako jarraian hazkunde ekonomikoarekin. Enpresa askotan giza baliabideetako arduradunek ez zekiten ezta erregulazio dosier bat nola egin. Ez zuten ordura arte sekula behar izan.

Hamar urte igaro dira. Zerbait ikasi dugu?

Enpresa mailan, asko ikasi da. Ahalegin handia egin da, bereziki Araban, enpresak nazioartera ateratzeko. Merkatu askorekin lan egiten duzun neurrian, ari zara arriskua dibertsifikatzen. Finantza sistemak ere ikasi du, eta pilak jarri dizkiote. Arriskuaren eta kredituaren ikuskaritza askoz zorrotzagoa da. Orain, behar ez duzunean ematen dizute kreditua, baina, benetan behar baduzu, zail izango duzu.

Gerta daiteke berriro?

Wall Street hil zenekoa

Tsunamia bazetorrela ohartu ezinik

Mundua astindu zuen krisiaren kronologia

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna