Katalunia. Gobernu osaketa

Torrak uko egin dio kontseilari preso eta erbesteratuak gobernuan sartzeari

Josep Rull, Jordi Turull, Antoni Comin eta Lluis Puig ordezkatuko dituzte Angels Chaconek, Alba Vergesek, Damia Calvetek eta Laura Borrasek. Espainiako Gobernuak dio 155.a kenduko duela

Quim Torra Kataluniako presidentea Generalitatearen egoitzan, atzo, gobernuko kideak izendatzeko dekretua sinatzen. JORDI BEDMAR PASCUAL / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Blokeo egoera ez betikotzeko ahaleginean, Espainiako Gobernuak eta ERC Esquerra Republicanak ere eskatutako gobernu «eraginkorra» osatu du azkenean Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak. JxC Junts Per Catalunyak azken hilabeteotan behin eta berriz esan du aurreko gobernua berrezartzeko asmoa zuela, baina, Torrak kargua hartu eta bi astera, Jordi Turull eta Josep Rull politikari presoak eta Antoni Comin eta Lluis Puig erbesteratuak gobernuan sartzeari uko egin dio, nahiz eta joan den maiatzaren 19an kontseilari izendatu zituen. Hala, Elsa Artadi Presidentetzara igaroko da, Turullen ordez; Angels Chaconek (Enpresa) Artadiren lekua hartuko du; Alba Vergesek Cominena (Osasuna), Damia Calvetek Rullena (Lurralde eta Iraunkortasuna) eta Laura Borrasek Puigena (Kultura).

Gauzak horrela, eta azken hilabeteotan egindako adierazpenak aintzat hartuz, Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua kendu beharko lioke Kataluniari. Izan ere, Madrilen esanetan, «legearen barruko» gobernu bat osatzea zen horretarako baldintza, eta kontseilari guztiak daude kausa judizialetatik libre. Zenbait hedabidek Espainiako Gobernuko iturriak aipatuz kaleratutakoaren arabera, Moncloak ez dio trabarik jarriko gobernu berriari, eta gaur bertan edo etzi argitaratuko du kontseilarien izendapenerako dekretua DOGC Generalitateko Aldizkari Ofizialean; 155.a indargabetuko du kontseilariek kargua hartu eta gero —datorren astean dira ekitaldia egitekoak—. Kataluniako Gobernuak ohar bat kaleratu zuen atzo iluntzean, eta jakinarazi du aurreneko kontseilu exekutiboan 155.aren ezarpena bere osotasunean inpugnatuko duela.

Torrak kontseilari berrien izendapenerako dekretua sinatu zuen atzo iluntzean, eta, Chacon, Verges, eta Borras aukeratuta, duela 11 egun izendatutakoa baino parekideagoa izango da gobernu berria. Izan ere, hamahiru kontseilaritzetatik zazpi gidatutako dituzte gizonezkoek, eta sei emakumezkoek.

Kereila, prebarikatzeagatik

Torra joan den maiatzaren 15ean inbestitu zuten Generalitateko presidente; bi egun geroago izendatu zuten ofizialki, eta maitzaren 19an izendatu zituen kontseilariak. Baina horien izenei erreparatu, eta, haietako bi Kataluniako prozesu subiranistaren harira preso zeudenez, eta beste bi erbesteratuta, Espainiako Gobernuak «bideragarritasun arazoak» argudiatu zituen, izendapenerako dekretua DOGC Generalitateko Aldizkari Ofizialean ez argitaratzeko. Torrak, horrenbestez, ezin izan zuen hasieran aukeratutako gobernua ofizial egin —Kataluniako Gobernuak esan du kereila bat jartzea aztertuko duela Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen kontra, prebarikatzeagatik, ez zuelako dekretua argitaratu—.

Ikusirik Madrildik erantzunik ez zuela jasotzen, Torrak neurriak hartzeko eskatu zion joan den astean Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari. Ordea, auzitegiko bosgarren aretoak herenegun jakinarazi zuen ez duela horretarako eskumenik. Atzo, gainera, Espainiako Gobernuak gutun bidez esan zuen ez zuela asmorik dekretua argitaratzeko. Hori dena kontuan hartuta, aukeratutako gobernua osatzeko aukerak oso epe luzerakoak ziren.

Rull eta Turullekin kartzelan bildu zen Torra joan den astean—gaur da Puig eta Cominekin elkarrizketatzekoa, Bruselan—, eta preso dauden bi politikariek adierazi zioten kontseilari izateko asmoa zutela. Atzo, baina, Kataluniako Gobernuaren oharrak bien adierazpenak jaso zituen, eta biek azaldu dute ez dutela «arazoaren parte» izan nahi, baizik eta «irtenbidearen parte». Eskatu dute Kataluniako instituzioak jar daitezela Kataluniako herriaren eskura «ahalik eta azkarren», eta nabarmendu dute biak «kontseilari legitimoak» sentitzen direla.

Kontseilari berriei dagokienez, Verges (1978) ekonomialaria eta ingeniaria da, eta ERCko diputatua parlamentuan, 2012tik. Borras JxCkoa (1970) Filologia Katalanean lizentziaduna da, eta Kataluniako Letren Instituzioa zuzendu du 2013tik 2018ra. Aurtengo urtarriletik da diputatua. Chaconi dagokionez (1968), zuzenbidean lizentziaduna da, eta Generalitateko Industria saileko zuzendaria izan da 2017ko ekainetik. Damia Calvet (1968), bestalde, arkitektoa da, eta azpiegiturei lotutako lanetan aritu izan da Kataluniako administrazioan.

Bestetik, Cominek boto delegatuari uko egin zion atzo. Beraz, JxCren eta ERCren artean 65 boto izango dituzte parlamentuan; alderdi unionistek elkarrekin dituzten adina, alegia.

ANCren kritikak

ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak Torraren erabakia kritikatu zuen atzo: «Burua makurtuz eta Espainiako Gobernuaren injustizia onartuz, ez da gobernu eraginkor bat egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.