martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Elkartasuna guantxeekin

2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Min ematen dute Kanaria uharteetako La Palman ikusten ari garen irudiek, min handia. Handiagoa da mina, distantzia kilometrikoa handia izan arren, askotan gure ondoan egon den komunitate batean gertatzen denean horrelako sarraskia. Handia da, ikaragarria eta kontrolaezina delako, naturaren indarra. Sumendiak aurrean topatu duen guztia eraman du, berriro ikusiko ez ditugun lurrak eta herriak estali ditu, geruza berria sortuz.

Gure belaunaldikoek ezagutu ditugu kanariarrek beren buruaren jabe izateko egindako ahaleginak. MPAIAC mugimenduak Kanaria Uharteetako Autodeterminazio eta Independentziarako Mugimendua hartu zuen aldarrikapen hori bultzatzeko ardura, eta indartsu ibili zen hainbat urtetan. Antonio Cubillo izan zen gehien nabarmendu zen buruzagia, Espainiako zerbitzu sekretuek Aljerian, 1978an, haren aurkako atentatua egin zuten arte. Larri zauritu zuten buruzagi kanariarra eta, ondorioz, indarra galtzen joan zen mugimendua. Barne zatiketek ere asko lagundu zuten ahultze prozesuan.

Urteak igaro zituzten Kanarietako independentziazaleek turismoaren bidezko kolonizazio ekonomikoa salatzen, interes ekonomiko handiak baitzeuden nazio horrek Espainiako zati izaten segi zezan. Espainiaren mendekoa zen bitartean, nahi adina inbertsio egiteko aukera edukiko zuten Europako turismo enpresa handiek, garai hartan alemanek batik bat. Bai baitzekiten enpresari horiek, independentziazaleek irabaziz gero, ekonomia beste bidetik eramaten saiatuko zirela. Urteetara jakin genuen enpresari aleman horietako batzuek finantzatu zutela indepedentziazaleen aurkako gerra zikina. Asko baitzegoen jokoan orduan.

Gurekin solidarioak izan direnei laguntzeko garaia da orain, emango diegun guztia gutxi izango baita behar dutenera iristeko. Kolonizatu genituen, hizkuntza desagerrarazi genuen... Ezagutuko ahal dute guantxeek bere buruaren jabe izateko gaur daukatena baino garai hoberik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.