martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eskuak bete lan gure herrietan

2022ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Urte berri osasuntsua, Maria eta Vicent, inoiz baino justifikatuago baitago desio hori dena hankaz jarrita daukagun garai hauetan. Etengabeko dudan gaude eta gauzkate, jakin gabe zenbat iraungo duen egoera honek. Egun batean iradokitzen digute txerto gehiago hartu beharko ditugula sei hilabetetik behin, eta hurrengoan hau izan litekeela COVID-19aren azken isats kolpe larria. Gorabehera animikotik ezin atera gabiltza.

Nahi ez izanda ere, egoera honek moteldu egiten ditu egitasmo guztiak, kasu batzuetan ezinezkoa delako egitea, eta beste askotan blokeo mentala eragiten digulako. Gurea bezalako herri txikiei ez zaizkigu komeni blokeo mental horiek, asko direlako, hainbat arlotan, egiteko dauzkagun lanak, denboran luzatzea komeni ez zaizkigunak.

Hasi berria dugun urte honek hauteskundeen aurreko giroa ekarriko digu Pirinioetatik behera bizi garenoi; erregioetako hauteskunde zikloa hasita dago, eta hauteskunde horietan izango diren emaitzek baldintza dezakete Espainiako Gobernuaren iraupena.

Katalanei, lehendik zeneuzkatenez gain, eskoletako hizkuntza ereduaren auzia azaleratu zaizue presio baldintzatzaile handiarekin. «Prozesua, 2. atala» esango genioke telesaila izanda, eta duda daukat ez ote den independentziaren bidean 2017ko urriaren 1eko galdeketa baino erabakitzaileagoa.

Euskal Herrian gatazkaren ondorio konpondu gabeei arreta jartzen segituko dugu, oraindik Hegoaldeko espetxeetara ekarri gabe dauden presoak ahalik eta azkarren ekar ditzaten. Horrek aukera emango liguke bigarren fase batean sartzeko: egoera jakin batzuetan dauden presoak, modu batera edo bestera, kaleratzeko egitasmoa abian jartzea. Kostako da, baina lortu beharra dago.

Galizian ere eskuak bete lan edukiko dituzue hurrengo hamabi hilabeteetan; PPren gehiengo sendoa higatu, Galizia eskubidedun naziotzat hartuko duen gobernu bat osatzeko. Autogobernuan urratsak egin ahal izateko ezinbestekoa.

Lanik ez zaigu falta hiruron herrioi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.