martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eta egia baldin bada?

2022ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Asteko gaia izan da Katalunian, eta izateko arrazoi guztia zeukan Jose Manuel Villarejo polizia komisario ohiak 2017ko abuztuaren 17an Bartzelonako Rambletan gertatu zen atentatuaren gainean esandakoa entzun ondoren. Villarejok iradoki du Espainiako zerbitzu sekretuek bazekitela atentatuaren sustatzailea, Ripolleko imama, Katalunian eraso bat egiteko asmotan zebilela, baina kontroletik ihes egin ziela.

Villarejorekin ari da gertatzen bere garaian gure herrian Jose Amedo polizia komisarioarekin gertatu zen egoera bera. Auzipetzearen ondorioz bere burua larri ikusi, eta, auzitegien zigorra ekidin nahian edo, Espainiako estatu egiturak gerra zikinarekin nahasten zituen sekretupeko informazioa zabaltzen hasi zen komunikabidez komunikabide. Hasieran eduki zuen sinesgarritasuna galtzen joan zen denborarekin, gauza bat eta kontrakoa esateko joera zuelako segun norekin hitz egiten zuen. Iturri errea bihurtu zen horretan hasi eta urte gutxitara. Esan nahi du horrek gezurra zela diruaren truke esaten zuen guztia? Ez, noski. Egia asko zeuden egiten zituen salaketetan, baina une bat iritsi zen ezinezkoa ematen zuena egia eta gezurra bereiztea.

Antzeko bidean dabil azken urteotan Villarejo komisario ohia. Bartzelonako atentatuari buruz esandakoa oso larria denez, eskandalu ikaragarria egia izanez gero, ikertzea beste biderik ez dago tajuzko demokrazia batean. Horregatik dauka logika osoa Espainiako Kongresuko talde parlamentario batzuek (EH Bildu, ERC, Junts, eta CUP) ikerketa batzorde bat osatu nahi izateak, behingoz jakin behar delako lehenagotik ere salatu den lotura: Espainiako zerbitzu sekretuak (CNI) eta Ripolleko imama.

Zeri diote beldurra ikerketa batzordea sortzearen aurka daudenek? Gezurra bada Villarejo polizia esaten ari dena, garbi geratuko da oinarririk gabeko salaketak egiten dituela. Baina ez al dute merezi atentatu horretan hildakoek eta haien senideek «eta egia baldin bada?» galderari erantzun sendoa ematea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.