martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Txillardegi, kontrako eztarritik

2022ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Sekula bukatzen ez den ipuinaren itxura hartzen ari da Txillardegiri Gipuzkoako bi erakunde nagusiek, Foru Diputazioak eta Donostiako Udalak, ezagutza publikoa ez egiteko hartu duten tema. Vicent, zuk eta zuen irakurle askok adinaren abantaila gutxietako bat ezagutzen duzue Txillardegi. Kantak dioen bezala, hortaz, zilegi bekit zuen egunkarien irakurleei jazotzen ari dena azaltzea.

ETAren sortzaileetako bat izan zen Txillardegi, 1959-1960 urte inguru horretan. Txillardegik eta beste kideek sortu zuten erakunde hura, Euskadi eta Askatasuna (ETA), ez zen, esan dezagun ozen berriro, borroka armatua egiten zuen erakunde bat.

Franco diktadoreak indarrez eraiki zuen erregimenaren aurka altxatu zen erakunde abertzalea izan zen ETA, eta herria, euskara, euskal kultura, askatasuna, errepresioa...izan zituen kontzeptu nagusiak. Aurreneko urteetan emandako formazio ikastaroak EAJ 1895ean sortu zuen Sabino Aranaren idazkietan oinarritzen zen. 1967an utzi zuen Txillardegik ETA, erakunde horren lehen hilketa baino urtebete lehenago. 1968tik aurrera hasi zen ETA hiltzen, ez Txillardegi erakunde horretako kide izan zen bitartean.

Azken urteotan saio asko egin dira Donostiako Udalak udal liburutegiari Txillardegi izena jar diezaion, euskaltzaleek, idazleek, kulturgileek... babestuta. «Erakunde terrorista baten sortzaileetakoa» izan zela argudiatuta, uko egin diote proposamen horri EAJk, PSEk, PPk, Ahal Duguk... historia urratzen duen gezur batean oinarrituta. Bankari batek banku bat sortu eta handik urte batzuetara, sortzailea bankutik kanpo dagoela, banku horrek bere bezeroei iruzurra egiten badie, ezin esango dugu bankari hark banku iruzurgile bat sortu zuenik. Gezurra litzateke.

Asteazken honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Urrezko Plaka ukatu diote Txillardegiri arestian azaldutako argudioak errepikatuta. Okerrago dena, beste behin aztertuko dute hamaika aldiz aztertu eta ukatu dutena: Txillardegiren egokitasun demokratikoa saria irabazteko. Luzatu, ezer ez egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.