martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

'Modelo 77' eta Martin Villa

2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Modelo 77 filma estreinatu zuten aurreko larunbatean Zinemaldian, irekiera gala film horren proiekzioarekin osatuz. Bartzelonako espetxean Copel preso sozialen erakundeak(Coordinadora de Presos en Lucha) egindako borroken berri ematen digu filmak, oso modu gordin eta sinesgarrian.

Gure egunkarietako irakurle adinduek gogoan edukiko dituzte, erakunde horrek gidatuta, preso komunek —horrela esaten genien orduan— egindako protestak, erreboltak, autolesioak... Bartzelonako kartzela ezagunaz gain, beste kartzela askotan ere jazo ziren protestak. Filmak, ezer ezkutatugabe, Copeleko kideek kartzelan jasandako era guztietako indarkeria lazgarria erakusten du. Frankismoaren aurka borroka egin zuten preso politikoei amnistia emango zietela ikusita, preso sozialak haien artean antolatu eta amnistia lortzeko borrokan sartu ziren. 1976-1979 urteetan jardun zuen Copelek.

Modu laburrean esanda, «sistema kapitalista honek gizartearen barruan sortutako desberdintasun sozialek eta ekonomikoek bultzatu gaituzte delitu sozialak egitera». Filmak ondo islatzen du Copelen orduko argudio hori.

Zinema kritiko furtiboa izateko asmorik gabe, uste dut esaldi bakarra falta zaiola filmari, garai hura ezagutu ez zuten gazteei zuzenduta. Bukatutakoan, argi uztea, esaldi bakar batean,espetxeko funtzionario errepresore haiek eta haien arduradun politikoak ez zituztela,ez ikertu, ez epaitu eta ezta kondenatu ere. Hamarkadatan euskal preso politikoek kartzeletan edukitako tratu krudela ez da oso desberdina izango filmean ikusten den tratutik.

Zoriak nahi izan du aste berean, asteazkenean, albistea Argentinatik iristea: bertako justiziak ez du epaituko Martin Villa Espainiako Barne ministro ukiezina. Lehen Espainiakoak ez, orain Argentinakoak ere ez.

Modelo 77 filmeko protagonistak bezala, Villa ere inpunitate osoarekin dabil, inork auzi-aulkian esertzera behartzen ez duela.

Trantsizioa eredugarria!!!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.