martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Irrazionala? Nor, ordea?

2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Kataluniako herritarrek haien etorkizuna erabakitzeko daukaten eskubidea ukatzen dutenek gehien erabilitako kontzeptuen sailkapena egingo bagenu, irrazionala da gorengo postuetan agertuko litzaizkigukeenetako bat. Katalan independentziazaleak —eta ez direnetako asko ere bai— burutik jota daudelakojokatzen dute irrazionalki, erreala ez den urrutiko mundu batean bizi direlako.

Zer da arrazionala izatea? Duela hiru urte orduko Espainiako Gobernuak Katalunian egin bezala, milaka herritarri eraso bortitz hura egitea? Egun hartako mundu osoko webguneetako azalak berrirakurri besterik ez dago ikusteko non jarri zuten komunikabide horiek irrazionaltasunaren karga, botoa ematera joandako herritarrengan edo haien buruak txikitzera bidali zituzten arduradun politikoengan. Betiko geratuko da gure erretinan —eta politikari haien kontzientzietan— urriaren 1eko goiz hartan bertan hitz bakarreko titulua izen handiko The Times egunkari britaniarraren webguneko azalean:Shame. Lotsa. Hilabete hauetan eskuak garbitzeko mundu osoan erabili den gel hidroalkoholiko guztia erabilita ere ezin izango dituzte irudi haiek garbitu Espainiako arduradunek, ez haiek ezta orain daudenek ere.

Hura jazo etahiru urtegarrenean inhabilitatu du Torra presidentea Espainiako Auzitegi Gorenak, ofizialki hauteskunde kanpainan politikari errepresaliatuekin elkartasuna adierazten zuen pankarta bat jarri ondoren kentzeko agindua ez betetzeagatik. Ez bozketaren egunean bere aldeko botoak eskatzen zituzten paperak hauteslekuetatik metro gutxi batzuetara banatzeagatik, edo diru publikoarekin bere alderdiaren kanpaina ordaintzeagatik. Ez, elkartasuna adierazteko eskubideari tinko eusteagatik.

Kataluniako herritarrek erabakitzeko eskubideari sendo eusten dioten bitartean, horrelako gehiago ikusi eta pairatu beharko dituzte. Oso zaila da Real Madrili Bernabeun Txapeldunen Ligako finala irabaztea arbitroa Real Madrileko presidentea bada.

Zaila, baina ez ezinezko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.