martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Leialtasun gutxi politikagintzan

2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Pertsonen jardunean bat baldin badago haien alderik ziztrinena eta zekenkeria guztiak agerian uzten dituena, politika da.Horrek ez du esan nahi esparru horretan dabiltzanek horrela jokatzeko joera daukatenik, ezta hurrik eman ere. Baina horrelakoak izateko prest dauden asko hor daude, seguru asko beste alor batzuetan baino gehiago.

Espainiako PPko lehendakari Pablo Casadori bere ingurukoek asteon egin diotenak eman dit aitzakia keria horretaz jarduteko. Zer iraungipen motza daukan leialtasunak politikan, politikari batzuen kasuan behintzat. Berdin da bizkarra eman dioten horiek lanpostua —soldata ona, proiekzio publikoa, harremanak...— bakar-bakarrik utzi duten buruzagiari zor izatea. Ez dago gupidarik, ez elkartasunik erortzen ari denarekin, babarrunak arriskuan daudenean. Okerrena da ez dutela epe luze bat behar txalo egitetik labana bizkarrean sartzera pasatzeko, ez da denbora luzean egosten den erabaki bat. Zirt edo zart erabaki behar da traizioa, gertakizunak zehazten duelako epe hori, eta buruzagiaren babesean bakarrik geratzeko bertigoa.

Maria, zuen lehendakaria, Alberto Nuñez Feijoo, izango da epe laburrean, itxura guztien arabera, Casadoren ordezkoa PPren lehendakaritzan; alderdi horrek buruzagi galegoak edukitzeko daukan joerari segituta, lautik bi: Fraga eta Rajoy.

Galiziako egoera lasaia utzi, gehiengoa baitauka parlamentuan, eta Madrilgo lur minatuetan ibili beharko du. Galiziako zigala samurretatik Madrilgo tripaki gogorretara.

Bakarren batek pentsa lezake hizkuntza eta nortasun propioak dauzkan herrialde bateko agintari batek estatua antolatzeko ikuspegi deszentralizatuago bat edukiko duela. Ez du ematen Feijooren kasuan horrela izango denik, bere gobernuak Nòs Diario zuen egunkariari egiten dion boikot ekonomikoa ikusita. Aurrekari txarra da.

Badu argazki bat Feijook bizitza guztian jazarriko diona, duela 30 urte Marcial Dorado narkotrafikatzailearekin itsasontzian egindakoa. Berriro azaleratuko zaio orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.