martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Diagnostikotik erabakietara

2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Eskerrak Diadako arratsaldeko manifestazio nagusira bildu ziren independentziazaleen kopuruak irensgarriagoa egiten digun askori Kataluniako prozesuaren egoera kezkagarria. Termometro asko daude neurtzeko nola dagoen prozesua, baldin eta prozesurik badago. Bat, oso gure gertukoa, euskaldunon parte hartzea. Duela urte batzuk ehunka lagunek hartzen zuten parte Diadan, batzuek gure herriko gizarte erakundeek egindako deialdian parte hartuta, eta asko beren kabuz joanda. Euskal Etxetik zutabe koloretsua eta musikazalea abiatzen zen manifestazioa hasten zen lekuraino, eta manifestariek txalo zaratatsuekin hartzen zituzten euskaldunak.

Komunikabideen presentzia izan liteke beste neurgailu bat. Kataluniako prozesuak nazioarteko agendetan (politikoetan, diplomatikoetan eta mediatikoetan) lehen lerroko presentzia eduki zuen Kataluniako urrezko aroan. Hori iragana da.

Zubi guztiak birrinduta dauden une honetan, eta zubi horiek eraikitzeko lan diskretuek porrot egin ondoren, zaila da asmatzea zein izan litekeen bidea elkarlan zintzora abiatzeko. Kataluniako independentziazaleek merezi dute beste jarrera bat eragile instituzionalen, politikoen eta sozialen partetik. Igaro da errua parekoari botatzeko garaia, alferrik da iraganeko diagnostikoak egiten denbora gehiago xahutzea.

Arazo larri baten aurrean, eta larria da Kataluniako eremu politiko horretan gertatzen ari dena, ohikoa da denbora luzea ematea diagnostikogintzan, jazo denaren gaineko azterketa etengabean aritzea. Horretan ari garen bitartean, alegia, diagnostikoaren fase batzuetan amaigabea bukatzen ez den bitartean, ez dira erabakiak hartzen. Ez da aurrera egiten, Madrilen puru bat erretzen ari denaren lasaitasunerako.

«Zertan ari dira independentziazaleak Katalunian?», galdetzen dute Madrilen. «Diagnostikogintzan», da erantzuna. «Segi dezatela luzaz horretan, bitartean ez dutelako ezer egingo». Zenbat puru erre dituzte Madrilen azken urteotan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.