martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Misterioak bizi gaitu

2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Entretenituta eduki gaitu, pozarren noski, aste honetan Nafarroako Aranguren bailaran Aranzadi elkarteko indusketazaleek aurkitu duten brontzezko eskuak. Delako eskuan, hizkuntza baskonikoaren grafian idatzita, gaurko euskaran sorioneku irakurriko litzatekeen hitza interpretatua dute adituek. Ez dira iritsi, oraingoz, idazkunean agertzen diren beste hitzen esanahia ulertzera .

Euskararen jatorria zein den gure herritik kanpo galdetzen digutenean, euskaldun askok, duda horrek sortzen duen misterioak ematen digun harrotasuna ezkutatu gabe, erantzuten dugu ezin dela jakin eta, behin harrotzen hasita, ez dela sekula jakingo. Are okerrago, barre egiten dugu jakiten dugunean nonbaiteko unibertsitatean egindako ikerketak lotu egiten duela euskara ez dakigun nongo hizkuntzarekin. Ez dugu ahaiderik nahi hizkuntzen zuhaitzean; gurea landare txikia da, baina gurea bakarrik.

Jarrera horiek oso ohikoak dira herri eta hizkuntza txikietan, tamainak ematen ez diguna misterioak emango digulakoan. Ulergarria da, zapalkuntzaren erreakzioz egina bada. Arazoa sortzen da usteari zientzia kategoria eman nahi zaionean, zientziak frogatu ezin duena egiazkotzat jotzen dugunean. Fedea, alegia.

Irulegiko aurkikuntzak badu, alferrik da ezkutatu nahi izatea, irakurketa politiko bat, Nafarroan agertu izanak ematen diona. Poztu gara euskaltzaleak, euskara Nafarroa osoan ofiziala izatea nahi dugunok; eta kezkatu Nafarroa ez da negoziagai leloarekin 2007ko martxoan kalera irten zirenak. Edo, larriagoa dena, lanpostu publikoen deialdietan alemanari eta ingelesari euskarari baino puntuazio handiagoa eman nahi diotenak.

Itxura guztia dauka Irulegiko Eskua euskaltzaleen sinbolo berria bihurtuko dela, eta irudika ditzakegun euskarri eta funtzio guztietan ikusiko dugula. Goza dezagun aurkikuntzak dakarren guztiarekin; txikiek ere badaukagu eskubidea horrelako pozaldiak edukitzeko.

Segi dezala misterioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.