martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nafarroa, beti bezain animatua

2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Datorren urteko maiatzaren 28an udal hauteskundeak dira gure herriotan, Galizian, Hego Katalunian eta Hego Euskal Herrian. Gurean, berezitasun batekin: Nafarroako Parlamentua osatzeko bozkak ere badira.Azken deialdietan bezala, Nafarroakoak dira interes gehien pizten duten hauteskundeak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emaitzetan ez delako ustekaberik espero. EAJren eta EH Bilduren arteko lehia Gipuzkoan nola geratuko den izango da arretagune nagusietako bat askorentzat.

Oso bestelakoa da egoera Nafarroan, jokalekua askoz animatuago dagoelako. UPN da alderdi nagusia Nafarroako Parlamentuko hauteskundeetan, baina duela lau urte PP eta Ciudadanosekin batera aurkeztu zen Navarra Suma markarekin. Aste honetan jakinarazi du UPNk denok espero genuena: Navarra Suma lurperatu egingo duela, eta bakarrik aurkeztuko dela maiatzean. 2015eko eta 2019ko hauteskundeetan boto gehien jaso zituen alderdia izan arren, gobernua osatu ezinik geratu zen UPN. 2015ean, Uxue Barkos (Geroa Bai) izan zen lehendakaria, emaitzetan bigarrena geratuta, eta 2019an Maria Txibite (PSN), hura ere bigarrena geratuta.

Azken bi gobernuek EH Bilduren babesa jaso dute lehendakariak izendatzeko orduan eta aurrekontuak bezalako erabaki nagusietan. Galdera asko eta erantzun gutxi planteatzen dizkigute Nafarroako hauteskundeek. UPNk, Navarra Suma deseginda, ez du galdu esperantza PSNrekin batera gobernua osatzeko, hori baitu basamortu politikoan beste lau urte —12 izango lirateke denetara— ez igarotzeko aukera bakarra. PSNk behera egiten badu, PSOEk herrestan eramanda, baliteke bigarrena ez geratzea, eta postu hori alde txikia daukaten bi hautagairen gutizia da: Geroa Bai eta EH Bildu.

PSNk errazago edukiko luke babestea Geroa Baiko lehendakaria EH Bildukoa baino. Madrilen, ordea, EH Bildu da, beste batzuekin batera, Espainiako presidente Pedro Sanchezi eusten diona.

Iruñeko Udalekoak, beste baterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.