martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Polisarioaren garaipen partziala

2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Bazen garaia Fronte Polisarioak berri on bat jasotzeko, ona delako, oso ona, sahararrak dauden egoera txarra kontuan hartuta. Eta albistea Europatik iritsi zaie lurraldea hiru zatitan —Aaiun okupatuan, Tindufeko kanpalekuetan eta erbestean— banatuta daukatenei. Asteon, Europako Batasuneko Auzitegi Orokorrak Fronte Polisarioaren aldeko ebazpena atera du, argi eta garbi utziz, ulertu nahi duenarentzat, indargabetu egin behar dela Europako Batasuneko talde komunitarioak eta Marokok Sahararen pareko uretan, ur horiek Marokorenak balira bezala, arrantzan libre egiteko sinatu zuten akordioa. Arrazoia? Akordioa sinatu zuten itsas putreek ez zutela kontuan hartu sahararren iritzia; bai baitzekiten Fronte Polisarioa ez zela sekula sartuko akordio horretan.

Ezaguna da Sahara lurralde aske izatea nahi duten bertakoak oso kritiko azaldu zirela akordio kolonial horrekin, horixe baita Espainiak akordio hori sinatuta egin zuena: garai batean Espainiaren esku zegoen kolonia Marokori pasatu, lurreko eta itsasoko aberastasun guztiarekin. Inork dudarik badauka Espainiaren jokabideaz, irakur dezala Marokoko Atzerri ministro Naser Buritak eta Europako Batasuneko diplomazialari nagusi Josep Borrell sozialista espainiarrak, batere gorritu gabe, elkarrekin plazaratu duten agiria. Europako auzitegi horren ebazpena erabat exekutiboa ez dela jakitun, erabakia behin betikoa izan arte arrantzan segitzeko baimena daukaten harrapakariek arazorik gabe esan dute eurena ez den arraina harrapatzen segituko dutela.

Ikuskizun da Europako Batasuneko Auzitegi Orokorraren erabakiaren irismena, eta ea horrek beste kokapen diplomatiko jasoagoa emango dion Fronte Polisarioari. Baina oxigeno betekada bat hartu dute nazioarteko diplomaziaren ahaztuek, ebazpenak inori kalte egitekotan Marokori egiten baitio kalte. Ezinezkoa daukate sahararrek indarraren bidez Maroko garaitzea; aitzitik, diplomazia eta nazioarteko elkartasuna dira geratzen zaizkien tresna bakarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.