martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hizkuntzak eztabaidaren erdian

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Animatuta dabiltza Ipar Irlandako lagunak azken hauteskundeetako emaitzen haizeak eraginda. 15.000 laguneko manifestazioa egin zuten Belfasten iragan larunbatean bertako hizkuntza, Irlandako gaelikoa, ofiziala izan dadin. Haiek, hauteskundeetako irabazle Sinn Feinekoek, nahiago dute irlandera deitzea, Irlandakogaelikoa baino.

Ez da eredugarria hizkuntza horren egoera: erabat ofiziala ez Ipar Irlandan, eta Hego Irlandan ofiziala izanagatik, oso bigarren mailakoa da. Bigarren kasua larriagoa da kontuan hartzen badugu hizkuntza ofiziala dela 1922tik. Aste honetan aurkeztu du Lorden Ganberan Erresuma Batuko Gobernuak irlandera Ipar Irlandan erabat ofiziala bihurtzeko lege proiektua, 1998an bake elkarrizketen ondorioz gauzatu zuten Ostiral Santuko Akordioa sinatu eta 24 urtera.

Westminsterren legea onartzen badute, babes ofiziala edukiko du irlanderak; beharko du, handia izan baita iparraldeko konderrietan urteetan unionistek egin dioten boikota. Sinn Feinekoek ere badute zer hobetua: Martin McGuinness Hezkuntza ministroa izan zen irlandera jakin gabe.

Katalunian, aitzitik, egindako bidea deseginarazi nahi diete erakundeei magistratu batzuek, katalan hizkuntzaren inguruan hamarkadatan egon den hitzarmen politiko eta soziala birrinduz. Politikaren bidetik egitera ausartzen ez direna indarrik nahikoa ez daukate erakundeetan eraso hori babesten dutenek justiziaren bidetik egin nahi dute, zuriagoa delakoan. Ikasgeletan gaztelaniaren erabilerak %25ekoa izan behar duela dioen erabaki judiziala da joera horren adibide argia. Ikuskizun da asteon lau alderdi nagusien artean lortu duten akordioa nahikoa izango ote den erasoa gelditzeko.

Mantso joango da irlanderaren berreskurapena Ipar Irlandan, leku gehienetan jazo denez. Bakarrik falta zaie, katalanei bezala, datozen hamarkadetan egingo duten lanaren ondorioz iritsitako emaitzak Londresek izendatutako magistratu jakobino batzuek zapuztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.