martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Bi ohar oso denbora laburrean

2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Ohitura ona betez, urte berri ona opatu nahi dizuet zuei, Vicent eta Maria, eta gure egunkarietako irakurleei. Azken horiek eusten diete gure proiektuei, baita, ikusi dugun bezala, egoerarik zailenean ere. Kostako zaio, kostako zaionez, hasi berri den urteari joan denak baino atsekabe gehiago sortzea.

Ahots asko entzun ditugu 2020an, analisi asko irakurri ditugu, aurreratu digutenak ez garela itzuliko pandemia aurreko bizimodura, alegia, orain arte eduki ditugun jarrera sozial jendetsuak, noranahi bidaiatzeko zaletasuna, mugarik gabeko kontsumoa, erabili eta bota jokabideak... iraganeko kontuak izango direla. Era horretako mezu asko zabaldu ziren pandemiaren lehen hilabeteetan, uda aurretik hain zuzen, egoera ezezagunak sortzen zigun larritasunak eraginda nonbait.

Pandemiara, eta horren zoritxarreko ondorioetara, ohituz joan ginen neurrian, indarra galduz joan ziren aldaketa iragarpen horiek. Kontrizio ekintza eta ontzeko asmoa hastear geundenean, udan sartu, eta ahaztu egin zitzaizkigun geure buruari ezarri nahi genizkion sakoneko aldaketak. Nago ni txertoaren erabilera orokortuz joango den neurrian oso zaila edukiko dugula uko egitea aurreko bizimoduari, bai behintzat gure inguru hauetako herritar askok. Asko gustatzen zitzaigun orain arte bizi duguna, bat-batean uzteko. Bi ohar jaso ditugu oso denbora laburrean etorkizun beltzaren berri emanez: klima aldaketa eta pandemia. Badakigu lehena gure jarduteko era neurrigabearen ondorioa dela, hori argi ikusten dugu. Gehiago kostatzen zaigu onartzea bigarrena lehenaren ondorio ere badela, zientzialari askok esaten digutenez. Ez digu asko irauten fedeak fedegabeei.

Kataluniako Parlamentuko hauteskundeak gertu dauzkazuela baliatuta, Vicent, zer itsusia Espainiako Osasun ministro Salvador Illak hartu duen erabakia, COVID-19ak eman dion populartasuna erabiltzea hauteskundeetara aurkezteko. Politika ez-deliktiboan—arlo horretan denetarik ikusita gaude—aspaldi ikusi dudan gauzarik itsusiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.