martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hurrengo geltokia, Peru

2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Asko kostatzen zaie hauteskundeak irabaztea Hego Ameriketako hautagai xume eta herritarren aldekoei. Perun gertatu da azkena, Pedro Castillo sindikalistaren garaipen justuarekin. Seguru hautagai ez profesional horiek askoz baliabide gutxiago dauzkatela materialak eta immaterialak gobernatzen ohituta dagoen klase politikoaren hautagaiek baino. Interes ekonomiko eta politiko handiak baitaude herrialde horietan betikoek segi dezaten gobernatzen, edo beste modu batera esanda, gobernatzen duten itxura egin eta benetako boteredunei amen egiten.

Peruren kasuan gainera berezitasun bat gertatu da, eskuinaren hautagaia Keiko Fujimori izan delako, Alberto Fujimori presidente ohi ustelaren alaba. Kasu honetan ezin izango du alabak esan berak ez daukala zer ikusirik aitaren delituekin, beti defenditu duelako aitaren errugabetasuna.

Aitaren defentsa egitea balitz egin duen gauzarik okerrena, gaitz erdi. Martxoan jakin baikenuen Peruko fiskaltzak 30 urteko kartzela zigorra eskatu zuela Keiko Fujimorirentzat, alderdiaren finantziazio bidegabeagatik. Aurretik, hiru aldiz egon da hiru auzigatik behin-behinean espetxean.

Hauteskundeak irabazita, Peruko presidente izatea zen justiziari iskin egiteko zeukan trikimailu bakarra. Ez zaio, itxura denez, ondo atera. Zain dauka laugarren aldiz kartzela.

Bide luze bezain malkarra edukiko du Castillo presidente berriak, hauteskundeak oso tarte gutxirekin irabazi izanak aukera gutxi emango diolako Peruk horren beharrezko dituen egiturazko aldaketak egiteko, eta haien nagusikeria arriskuan ikusten dutenak lehen egunetik saiatuko direlako herritarren babesa urratzen.

Gutxitan pasatzen den trena hartuko du Castillok, eta betiko dikotomia kudeatzen asmatu beharko du: nola sakoneko aldaketak egin urteetan irautea behar duen boterea galdu gabe. Presak ez dira onak izaten transformazio prozesu horietan, baina presa bezain kaltegarria da esklerosi politikoa, hau da, ezer ez egitea daukagun apurra ez galtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.