martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hamar urte zuri-beltzean

2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Hamar urte beteko dira asteazkenean ETAk bere jarduera armatuari bukaera eman zionetik. Urte gutxi ETAren biktimentzat, eta asko oraindik espetxeetan dauden euskal preso politikoentzat. Bide luze eta malkartsuan erabaki hori gerta zedin gure herrian eta gure herritik kanpo askok egin zuten lan handia bezain isila, Aieteko Konferentzian gorpuztu zen urriaren 17 batean.

Nazioarteko sei eragile entzutetsuk sinatutako bost puntuko agirian jarduera armatua behin betiko amaitzea eskatu zioten ETAri. Lehen puntua zen. Hiru egunetara iritsi zen ETAren erabaki irmoa, jardun armatua bukatutzat emanez.

Aieteko Konferentzia ez zen izan ETAk luzaz bilatu zuen bukaera adostua, ezta ETArentzat eta ezker abertzalearentzat erreferentziazkoa izan zen Stormonteko Akordioa bezalakoa ere, zeinak 1996an, Belfast, Dublin, Londres eta Washingtonen babes politikoarekin eta diplomatikoarekin, bukaera eman zion Ipar Irlandako gatazka armatuari. Baina, orduko Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera ezagututa, egin zitekeen konferentziarik onena, eta eraginkorrena, izan zen Aietekoa.

Sei eragile haien artean NBEko idazkari nagusi izandako Kofi Annan egoteak bi pista eman zizkigun. Lehena, ETAk onartu egingo zuela eragileek eskatu ziotena, eta erabakia azkar iritsiko zela. Bigarrena, Aieteko Konferentzia Espainiako Gobernuaren jakinaren gainean egin zela, alegia, sei eragileek Madrilen oniritzi diplomatikoa zeukatela ekitaldian parte hartzeko. Nazioarteko politikan hainbatetan aipatzen den errespetu diplomatikoa.

ETAk bete zuen agiriak eskatzen ziona, ez ordea Frantziako eta Espainiako gobernuek bigarren puntuan eskatzen zietena: ETArekin hitz egitea gatazkaren ondorioez. Laugarren puntuak gai politikoen inguruan herritarrei kontsulta egitea eskatzen zuen.

Espainiako Gobernuak, presoak Euskal Herriratuta eta hurbilduta, utzi dio mendekuzko espetxe politika egiteari. Denak kalera ateratzea lortzea falta zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.