martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Energia publikoaren aroa

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Energiarekin lotura daukaten osagai guztiak sortzea, lantzea, banatzea eta saltzea/kobratzea gure esku edukitzea oso garrantzitsua da gurea bezalako herri txikientzat; ez bakarrik txikiak garelako, baizik eta gauzak beste modu batera egin behar, eta nahi, ditugulako.

Oraintsu arte, energiaren negozioa kontrolatzen zutenek horrela nahi izan zutelako, ezinezkoa zen petrolioa eta gasa eduki ezean energia sortzeko gaitasuna edukitzea. Zorionez, zientzialari konprometitu askoren lanaren eta ekologisten presioaren uztarketaren ondorioz, urteotan asko handitu da energia garbia sortzeko aukera, enpresa diruzaleen atzapar ase ezinen kontrolpetik kanpo.

Ez da harritzekoa Glasgown egiten ari diren COP26 batzar ofizialak ilusio gutxi, eta kritika asko, piztea benetako ekologismoarekin engaiatuta dauden aditu eta herritarren artean; politikarien pasarela hutsa bihurtzeko arrisku handia baitaukate batzar horiek. Beteko ez diren konpromisoen itxurakeria handia, jakinda benetako akordioak —horiek bai beteko dituzte zintzo asko—, agintari politikoek eta finantzariek Davosen hartutakoak direla.

Zer egin dezakete gurea bezalako herri txikiek egoera hori iraultzeko? Lehendabizi erakundeek erabakimena hartu, ahaldundu gaurko hitzetan esanda, eta ausardiaz jokatu herritarren interesekin ez baina haien kontu korrontearekin kezkatuta dauden energia enpresen aurrean. Nahikoa irabazi dute hamarkadetan, nahi adina kutsatuta, bazekitenean askoz gutxiago kutsa zezaketela. Horiei ere eskatu beharko zaie «iraganaren irakurketa kritikoa» egitea, eta onartzea zenbaterainoko kaltea egin dioten herritarren osasunari, neurri handi batean eragotz zezaketena. Edo Begoñako Ama Birjinaren kaparen babesa daukate enpresa horiek?

Tamaina aproposa daukagu energiaren kudeaketa publikoa egiteko, denonak diren ura, eguzkia, haizea, olatuak... denon zerbitzura jartzeko. Energia kudeatuko duen enpresa publikoaren ereduaz serio eztabaidatu beharra dago, argindarraren prezioaren gorakadak eskura jarri digulako eztabaida hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.