martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nork eman zion nori amnistia?

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Behin baino gehiagotan galdetu izan digute: «Noiz indargabetuko dute 1977ko Aministiaren Legea Espainian?». Erantzuna oso erraza zen: «Kartzelara joan litezkeenetatik bakar bat ere bizirik geratzen ez denean». Orduan utziko dute bertan behera lege hori, eta esango digute pena izan dela lehenago egin ez izana, baina orain denak hilerriaren bakeaz gozatzen ari direla.

Eroso, oso eroso bizi izan dira azken hamarkadotan frankismoaren azken urteetan zigor ardura handiak eduki zituztenak, epaiketak eta ondoriozko zigorrak merezi zituztenak. Espainiako aurrekontuen negoziazioaren harira, lege hori deuseztatzeko eskaera jarri du ERCk mahai gainean, bat eginda Katalunian eta Kataluniatik kanpo era guztietako jendeak askotan adierazitako nahiarekin. Ikusi egin beharko da zein den «Espainiako historian egon den gobernurik aurrerakoienaren» erantzuna.

Gogoan daukat PSE-EEko buruzagi historiko Ramon Jauregik halakoetan, batere gorritu gabe, ematen zuen erantzuna: «Ezin dira errepresore horiek auzitara eraman, 1977ko Amnistiaren Legeak eragozten duelako». Legeak betiko, aldaezinak, deuseztaezinak... balira bezala. Legeak egiten diren erraztasun berarekin indargabe daitezke. Zer egiten du bada gobernu batek aurreko gobernuaren lege bat gustukoa ez duenean? Bertan behera utzi, edo, gutxienez, aldatu; Mozal legearekin eta Lan Erreformarekin Espainiako Gobernuak egingo bide duenez...

Espainiako politikari eta legelari askok usu begiratu izan diete bizkarraren gainetik Hego Amerikako gobernuei eta justizia sistemei, nahiko kalitate demokratikoa ez daukatelakoan. Begiratu harrotu hori egiten duten espainiar uste handikoek asko daukate ikasteko azken urteotan Mexikon, Txilen eta, bereziki, Argentinan egin dutenetik. Zilarraren herrian, 1976-1983 tartean ezarri zuten diktaduraren arduradun asko epaitu eta zigortu dituzte. Carlos Menem presidenteak indultuak eman zituen 1990ean; Auzitegi Gorenak indargabetu egin zituen indultuok 2007an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.